Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Bodyboard

Mike Stewart, bodyboardaren historiako pertsonaia nagusia

Bodyboardak ez du surfak adina jende mugitzen eta kirol honetako profesionalak ez dira aski ezagunak jendartean, baina badira surflarien artean ere mirespena sortzen duten bodyboarderrak, eta haien artean bat goratu behar bada, hori, Mike Stewart da.

Bodyboard modalitateari kirol estatusa eman zion gizona izan zen, puntako surflarien errespetua irabazi zuen eta jarraitu beharreko eredu bilakatu zen. Lehena izan zen gauza askotan, eta egun oraindik lehena izaten jarraitzen du. Ezin da bodyboard kirolak izan duen bilakaera ulertu Mike Stewartek kirol honi egin dion itzelezko ekarpena kontuan hartu gabe.

Eraldatzaile eta berritzailea

1963ko maiatzaren 17an jaio zen Hawaiiko Honolulu hirian, beraz, mundu honetara etorri zenean, Winston Churchill, Malcom X, Martin Luther King edo Robert F. Kennedy bezalako pertsonaia historikoak bizirik zeuden eta gizakiak oraindik ez zuen ilargia zapaldu. Horra zein zen AEBetan, Stewart jaio zeneko testuingurua.

1967an, lau urte besterik ez zituela, lehen aldiz bodyboard batekin itsasoratu zen. 1976. urtean Tom Morey ezagutu zuen Kailua-Kona Hawaii irlako hirian. Datu garrantzitsua da, bodyboard taulen diseinu eta materialei dagokienez, Tom Morey kirol honen historiako pertsonaia garrantzitsuenetako bat baita dudarik gabe. Bodyboarda berak asmatu omen zuen.

1980ko hamarkadaren hasieran aldaketa bat egin zuen Stewartek bere surf egiteko estiloan. Ordura arte ohikoa zen belauniko ibiltzea, drop-knee estiloan, baina etzanda airekoak egiten hasi zen, eta ia oharkabean, aro berri bati hasiera eman zion. Egun etzanda egiten diren ariketa gehienak lehen aldiz berak egin zituen, eta beste ariketa asko ere lehen saiakera haien eratorriak baino ez dira.

Stewart lehena izan zen 360 graduko itzulia airean egiten eta baita beste zenbait ariketa egiten ere, esaterako, olatuaren gandorrarekin batera biribilka biratu edo barrel roll bat egiten ere lehena izan zen, eta baita reverse air eta antzeko beste zenbait ariketa egiten ere. Adituen esanetan, Stewarten jarrera berritzaileak kirol hau eraldatu zuen.

Goratua eta errespetatua

Surflariek hasieratik jarrera oldarkorra izan zuten bodyboard zaleekiko. Bigarren mailako zerbait zen, turista udatiar, putre (olatu gehiegi hartzen dituena) edo mukitsuen kirola. Baina Mike Stewarten talentua handiegia zen bizkar eman eta tenteltzat hartzeko. Horregatik, momentu batean, surf aldizkarietako editorialen artean sortzen ziren eztabaidetan haren izena agertzen hasi zen, eta momentu batean, munduko surflari onena bera ez ote zen galdetzen hasi ziren.

Garai hartan munduko surf txapelduna zen Tom Curreni egin zioten elkarrizketa batean munduko surflari onena nor zen galdetuta, zera erantzun zuen: «Mike Stewart. Pipelinen surf egiten duenean, ez dago hori baino ezer hoberik».

Gauza bera pentsatzen du Kelly Slaterrek. Adibide gisara bada pasadizo bat. Honela erantzun zion Kelly Slaterrek, Dereck Rabelo, Brasilgo surflari itsuari, Pipelinen surf egin nahi zuela esan zionean: «Pipelinen tubo bat egin nahi baduzu, Mike Stewartek lagundu behar dizu, bera da bertako surflari onena». Eta horrela izan zen, Stewartek brasildarrari bere ametsa betetzen lagundu zion, izan ere, bizkarrean hartuta, hiruzpalau saiakeren ostean lortu zuen ganorazko tubo bat egitea.

Gutxi dira “Mr Pipeline” titulua duten surflariak eta Mike Stewart gutxi horien artean da. Bederatzi bider izan da munduko txapeldun. 1983an eta 1985ean irabazi zituen munduko lehen tituluak. Beranduago, 1987. eta 1992. urteen artean titulu mundial guztiak eskuratu zituen, eta 1995ean, berriz ere munduko txapela irabazi zuen Pipelineko urautsian.

Teahupoon aitzindari

Bere izaera berritzaileak olatu berriak aurkitu eta probatzera bultzatu zuen. Besteak beste, egun hain ospetsua den Teahupooko olatu arriskutsua hartzen lehenetariko bat izan zen. Aurrez, urte bat lehenago, Thierry Vernaudon surflari tahitiarra eta bere lagunak bakarrik itsasoratu omen ziren Teahupoon.

1986. urtean ezagutu zuten Tahitiko olatu munstroa Mike Stewart eta Ben Severson bodyboarder profesionalek. Zenbait urtez ia bakarrik aritu ziren Teahupoon, zeren soilik bodyboard zale eroentzako olatuaren fama hartu zuen eta oso gutxi ziren surf taularekin itsasoratzen zirenak. 1998. urtean munduko surf txapelketa egin zen eta ordutik surflari gehiago izaten da urautsian bodyboard zaleak baino.

Azken hogei urteetan, besteak beste, gazteak trebatzen eta irakasten aritu da, marrazoen eraso zenbait ekidin ditu eta bodyboard egoki bat hautatzeko aholkuak ematen aritu da Stewart. Surf pelikuletan ere aktore gisa aritu izan da eta tow-in bidez olatu erraldoiak bodyboardarekin hartzen aitzindaria izan da. Egun 54 urterekin kirol hau bultzatzen eta beronen garapenean eragiten jarraitzen du.