Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Theresa June

Orain gutxi hil zaigun lagun batek, Imanol Mastiganek, beti esaten zuen Berangok muga iparraldetik Ingalaterrarekin egiten duela. Hori esanda, basatiok Barinatxe eta zibilizatuek La Salbaje deitzen duten hondartzaren zati baten nongotasunaren inguruan dagoen tirabira herrikoi historikoaz ari zen.

«Bilbo urruti zeok/n» sindromeak jota, eta zoriontsu, bizi zareten milaka euskaldunei inolako buruko min geografikorik eragiteko asmorik gabe, Mastiganeren esaldiari tiraka, itsasoari begiratzeko bi moduri buruz hitz egin nahi nizueke.

Batzuek Kantauri aurrean urari begiratzen dioten bezala, beste batzuek Ingalaterrari begiratzen diote. Biek gauza bera izan arren aurrean. Hori da interesgarriena. Biek aurrean gauza bera izan eta begiratzen ari direnaren pertzepzioa hain ezberdina izatea.

«Itsasoari begira zer dago aurrean?» galdera eginez gero, batzuek itsasoa lehenengo aldiz ikusi zuen tuterarrarena erantzungo dute: «Ur pila! Ta azpian gehiago!». Ostera, «Maroko» esango dizu tarifarrak, «Europa» tripolitarrak eta «Amerika» galwaytarrak. Eta ez soilik galwaytarrak. Getxoko kopla zaharrak dio: «Begire nago begire, lehorretik lur barrire, noz etorriko ete da, nire laztana herrire». Kopla hori pentsatu zuenak oinak Bizkaiko kostaldean zituen, baina itsasoaren aurrean Ameriketara begiratzen zuen, lur berrira. Amerikari kontinente berria deitzea modan jarri aurretik.

Itsasoari begiratzeko bi modu hauek agintari politikoengan duten presentziaren arabera, uste dut oso ezberdina dela herrien garapena.

Begira Theresa May, beste batzuek Europa ikusten zuten lekuan ur pila ikusten duen andrea. Ze pozik zegoen maiatzean Theresa May. Ekainean, ostera, aurpegia kolorez aldatu zaio, ekain edo june kolorea hartu du, beste bat ematen du. Theresa June.

Gure kasuan, agintariek hainbeste denbora daramate Madrilera begira, “El Exorcista”-ko umearena egin beharko luketela itsasoari begiratu ahal izateko. Eta arin konturatuko lirateke: «Azpian gehiago dago».