GARA
GETXO

Chucho Valdes, Dianne Reeves, Bill Evans eta Christian Scott, Getxon

Getxoko Jazz Jaialdiaren 41. edizioa ekainaren 28tik uztailaren 2ra izango da. Saio nagusietan Chucho Valdes, Dianne Reeves, Christian Scott, Bill Evans, Dean Brown eta Andrej Olejniczak ariko dira. Saio nagusiez gain, Taldeen Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak —hala, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatzeko aukera izango da— eta Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak iragartzen dira.

Getxon dena prest dago Nazioarteko Jazz Jaialdia hartzeko. Ekainaren 28tik uztailaren 2ra izango da. Aurten aurreratu egin dira datak, BBK Live jaialdiarekin bat ez egiteko.

Saio nagusietan –Biotz Alai plazan, 22.15ean–, Chucho Valdes, Dianne Reeves, Christian Scott, Bill Evans, Dean Brown eta Andrej Olejniczak ariko dira.

Gainera, Talde Lehiaketako (Biotz Alai plazan, 21.00etan) eta Hirugarren Milurtekoa ataleko (Algortako Geltokia plazan, 19.00etan) kontzertuak ere izango dira eta, ekainaren 29tik uztailaren 1era, The Piper’s Irish Pub tabernan izango diren jam session saioak. Halaber, familia osoarentzako bi ikuskizun izango dira Algortako Geltokia plazan, lehen aldiz, antolatzaileek asteazken honetan egindako aurkezpenean zehaztu dutenez.

Andrzej Olejniczak saxofonista poloniarrak hasiko ditu kontzertu nagusiak, hilaren 28an. “Chopin interpretatzen” izeneko proiektua aurkeztuko du. Bertan, konpositore erromantikoaren hainbat pieza ardatz gisa hartuko dira haren harmoniak inprobisazioaren eremura eramateko.

Ekainaren 29an Christian Scott igoko da agertokira. Musikari estatubatuarren belaunaldi berriko tronpeta-jotzaile onenetako bat da, eta bere herrialdeko kritikariek “jazz berriaren erregetzat” jotzen dute, besteak beste, jazz, hip hop eta rock estiloetako erritmoen fusio berezi bat egiten duelako.

Jaialdiaren erdibidea Bill Evans saxofonista handiarekin helduko da, ekainaren 30ean. Jazz fusion estiloaren izena adierazgarria da, eta oraingoan laukote formatuan helduko da jaialdira, Dean Brown artista birtuosoarekin batera.

Getxo Jazzen laugarren egunean, uztailaren 1ean, jazz abeslaririk ospetsuenetako bat ariko da: Dianne Reeves. Bost Grammy sari ditu, horietako hiru ondoz ondoko urteetan irabazita 2001etik 2003ra, ahots interpretazio onenaren kategorian. Gainera, besteak beste, Wynton Marsalisekin, Chicagoko Orkestra Sinfonikoarekin eta Berlingo Filarmonikarekin abestu eta grabatu du.

Chucho Valdes arduratuko da jaialdiari amaiera emateaz, uztailaren 2an. Zortzi Grammy sari ditu, eta Irakere bezalako talde ospetsuetan aritua da. Artista kubatarrak askotariko generoetan duen maisutasuna erakutsi du. Programa nagusiari gehitu behar zaizkio Taldeen Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak eta Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak.

Familientzako saioei dagokienez, antolatzaileek nabarmendu dute Andres Isasi Musika Eskola Gazte Sextet-en kontzertua (uztailak 1). Taldea udal musika eskolan ikasten duten sei ikaslez osatuta dago eta Getxon debuta egingo du jazzaldien eszenan.

Hirugarren Milurtekoa atalean Ana Bejerano Concept, Alberto Arteta Group, Daahoud Salim Quintet, Giulia Valle Trío eta The Machetazo iragarri dituzte.

Azkenik, beti bezala, The Piper’s Irish Pub tabernan ohiko jam sessions saioak izango dira. Aurten Cuarteto y Taca taldea entzun ahal izango da.

Eta Torrene tabernan, Jose Horna argazkilariaren erakusketa.