Ar aleak
Esaten digute ez tematzeko, matxismo amorratua iraganeko kontua dela, orain emakumeok gizonok bezalaxe bizi gaitezkeela, esparru guztietan… eta eraso sexistarik jasanez gero, zenbait trogloditaren kontua dela, burmuinik eta heziketarik gabeko ar ale batzuen lotsagabekeria. Hala, sinestarazten digute arron jokabide (gutxi edo gehiago) biolentoek behar bezalako erantzuna jasoko dutela beti, haien (emakumezko) jomugaren aldetik ez bada, ingurukoen aldetik betiere: gaitzespena eta ekintza. Baita matxismo-adierazpen ñimiñoenaren aurrean ere.
Bada, neuk ez nuen halakorik ikusi joan den astean Espainiako Estatuko Diputatuen Kongresuan, Hernandok Iglesiasi Monterori buruzko iruzkina bota zionean, Montero bera bertan ez balego bezala, gainera, egundoko txantxa jatorra egin izan balu bezala. Izan ere, sexismoa den barreneko mespretxuaz blaituriko esanak edota ekintzak hain dira batzuetan txiki-txikiak, edota hain broma xalo modukoak, matxismoa ote darien ere zalantzan jartzen dela, halako eztabaida bati ekinda ekintzaren egileak nahita edo deskuiduz (honekin esan nahi baita bere bizitza osoan normaltzat jotako hori atera besterik ez zaiola egin, une desegoki batean) jokatu duen, gehiegikeriatan ari ez ote garen… finean, justifikazioaren zirrikitu iraunkor hori are iraunkorrago bihurtzen, edo areago zabaltzen, kasu askotan. Honetan, hain zuzen, non gizonezko politikari baten ustezko laudoriozko hitzen atzean beraren emakumezko homologoarekiko gutxiespen profesionala besterik ez zegoen, Monteroren balioa eta autoritatea Podemoseko buruzagiaren egoa erasotzeko baliatuta, ar alfa batek beste ar alfa bati erronka egiteko emakumea erdian jarrita, emakumea harrapakin bihurtuta. Klasiko bat.
Jarraian, txalo-zaparrada beroa PPko arraren burutazio sinpatikori, haren alderdikide gizonezko eta emakumezkoen aldetik, eta geroago ihesbideak eta aitzakiak hedabideetan, eta batzuen eta besteen sentiberatasun oportunistari buruzko iruzkinak, eta goian aipatu eztabaida-justifikazio katearen segida. Baina lasai asko jarraituko dute esaten ezetz, ez tematzeko, matxismo amorratua iraganeko kontua dela, orain emakumeok gizonezkoen maila bera dugula jendartean, errespetuari eta kidetasunari dagokienez; eta, beraz, etxean nahiz kalean, fabrikan nahiz kongresuan, eraso sexistarik jasaten baduzu, etsipenez onartzeko, Monterok ez bezala, burmuinik eta heziketarik gabeko ar ale horietako bat tokatu zaizula.