Surflari ernegatua

«Low cost» tituluak

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak ez ditu onartzen Espainiako Surf Federazioak sustatzen dituen surf monitore tituluak. Ekainaren 13an eman zuten albistea, baina aurrez asko izan gara titulu horrek ez lukeela baliorik izan behar genionak, besteak beste, berau eskuratzeko probak ez gainditzea berauek gainditzea baino zailagoa zelako, eta sasi diploma bat, diru truke urtero berritzen den agiri faltsu bat baino ez delako.

Gurean, gehiengoak espainiar titulua eskuratzearen aldeko apustua egin zuen. Maiz salatu izan dut espainolekin bat egitea atzera egitea dela. Aldiz, beti bakarrik geratzen gara kalitatezko formazio baten alde egiten dugunok, gainontzekoen helburua ahalik eta esfortzu txikienarekin ahalik eta diru gehien irabaztea baita. Azken finean, haien buruei “surf eskola” deitzen dieten dendak baino ez dira. Baina udalek gutxienez disimulatzeko gaitasuna izan beharko lukete, arlo zehatz batean eredu eskas baten alde egiten duenak, gainontzeko eremuetan ere berdin jardungo baitu.

Orain hitzetik hortzera dabil turismo neurrigabeak Euskal Herrian izango duen inpaktua. Berandu gabiltza, jada iritsi da, ez da etorkizuneko zerbait, eta atzera bueltarik ez duten urrats gehiegi eman dira afera behar bezala bideratu ahal izateko. Gertatzen dena da atzerapausoak eman dituztenek ez dutela kalteen erantzukizuna onartzen, ez baitute erantzukizunaren zentzu gutxienekorik ere. Hori bai, gaizki aritu arren ongi ari direla pentsarazteko artean maisuak dira.

Aurten Euskal Herriko kostaldean izango diren surf monitore gehienak balio ez duen titulu batekin arituko dira lanean, eta hori posible da, besteak beste, udalek ez dietelako benetan balio duen Euskal Herriko Surf Federazioaren titulu homologatua exijitzen. Baina batez ere, hautatu den turismo eredua aurrera ateratzeko, monitore kualifikatuak izan edo ez, guztien beharra daukatelako.

Iragazki gabeko turismo eredua epe motzerako hautua da. Ezaugarri nagusia da jende multzo oso handiak pilatzea, baina koste gutxiko zerbitzuak eskainiz, beraz, etekinak ere mugatuak izaten dira. Aldiz, luzera begirako eredu turistiko batek lana eskatzen du, formakuntza, eta batez ere nortasuna, desberdintasunak egiten baitu erakargarri helmuga turistiko bat. McDonald’s, Telepizza eta antzekoak nahi dituenak, etxean daukana bilatzen du, ez dio turista gisa ekarpen kulturalik egiten herriari, eta batez ere, nortasun apur bat izan dezakeen lekua guztiz neutralizatzen du.

Apustuak luzera begirakoa izan behar du, nortasuna ardatz hartuta, horrekin batera baitoaz kalitatea eta formakuntza, eta turistekiko harremana ere beste maila batean kokatzen da, arlo ekonomikoan zein kulturalean elkar elikatuz. Horrek, noski, zentzu batean gauza asko garestitzea ekar dezake, eta hor egin behar dute esfortzua udalek, bertakoen eskubideak bermatuta guztion onerako izango den eredu bat sustatu dadin. Bestela, turistek zein herritarrek eskubide eta betebehar berberak dituzten «low cost» eredu honekin, irabazten ateratzen diren bakarrak multinazionalak eta udaletako marrazoak dira, eta ez herritarrak.