Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Gure onena izateko borrokan

Seguru noizbait gertatu izan zaizuela: norbaitekin egon eta ez gustatzea nor bihurtzen zareten haren ondoan, edozein arrazoi dela-eta, baina, finean, zuen alderdirik zantarrena azaleratzen duelako. Seguru noizbait bizi izan duzuela sentsazio hori, eta seguru luzaroan ez zinetela konturatu, eta jabetu zinetenean oraindik ere haren ondoan jarraitu zenutela, harekin eta zuen buruarekin borrokan, nolabait merezi zuelakoan… noizbait gauzak aldatu eta zuen onena aterako zelakoan. Baina ez, etengabeko jokabide berak etengabeko emaitza berak dakartzalako.

Badaude harremanak halakoak, eta badaude esparruak halakoak: besteren jarrera eta jokabideen eraginez, zeureak aldatzen hasten zara, deseroso zaudelako, edo uzkurtuta, edo nolabaiteko arriskua sumatzen duzulako… Bat-batean, alai eta lasai, aske eta seguru egon beharrean, erne, zuhur eta serio jartzen zara, edota haserre, pipertuta, nazkatuta, eta aldarte batetik besterako ibilbideak eguna, edo gaua, izorratzen dizu. Baina hortxe jarraitzen duzu, inorekin ez borrokatzearren, inorena ez zapuztearren, zure buruarekin borrokan. Agian, barneratuta dugulako zenbait eremu, zenbait harreman-mota bezala, halakoak direla, berez, aldagaitzak, eta ezin dugula guk bakarrik ezer egin bestelakoak izan daitezen.

Festak halakoxeak dira emakumeontzat, nahiz eta egun, gehienetan behintzat, gizonen maila berean parte hartu, haiek bezala atera eta gozatu, edanean ibili eta dantzatu, haiek bezala egin nesketan edo mutiletan, eta haiek bezala oheratu. Haiek bezala, ordea, ez; gu beti ibiltzen garelako erneago, zuhurrago, egoerari eta inguruneari begira arretatsuago, kezkatuago, beti dugulako txipa piztuta: ez diezaguten mila eratan eraso, ez gaitzaten bortxatu, ez diezaguten minik egin. Ez guri, ez gure neska-lagunei. Gure sexuagatik erabat baldintzatuta bizi ditugu jaiak, aldi berean ahalegina eginez hala izan ez dadin. Agian, azkenean ulertu dugulako badugula boterea, geure jarrerak eta jokabideak aldatuz eta sendotuz, harremanak bezala esparruak ere eraldatzeko, behin betiko.

Zorionez, jendarte gisa gero eta gehiago egiten ari gara esparru horretan ere emakumeok gu geu izan ahal izateko, ez bihurtu behar izateko, mehatxatuta sentitzearen ondorioz, gure bertsiorik gogorrena, mesfidatiena eta beldurtiena. Horretan gabiltza, bai, baina gogorra da emakumeontzat, oso gogorra, albistegiek kolpe batean errealitatea zein den erakusten diguten bakoitzean. Hain sarri erakutsi ere.