Jon GARMENDIA
Idazlea

Izpiritua

Bizi naizen tokiko dendetan euskaraz entzuten nautenean gazteleraz hasten zaizkit, eta frantsesez «bonjour» erranaz egiten diet oles, elkarrizketa, hizkuntza horretan jarraitzeko. Ez dakit zergatik den, baina urteotan ohartu naiz euskara gaztelerarekin elkartzen dutela hemengo askok, «handik» datorren hizkuntza bat balitz bezala, «hemen» nehor gutik darabilena. Lapurdiko kostaz ari naiz kakotxekin. Eta errudun sentitzen naiz batzuetan; garai batean esfortzua egiten nuen euskaraz eskatzeko, baina urteekin amore eman dut, eta hurbilean ditudanekin euskaraz aritzen banaiz ere, saltzaileari frantsesez zuzentzen natzaio, beharbada denbora irabaztearren, baina seguru euskara deserabiltzen dudala. «D’après une étude, le nombre de bascophones cesse de décroître au nord de la frontière espagnole», aipatzen zuen aste honetan tarteka irakurtzen dudan egunkariak; euskal hiztunen beherakadarik ez da izan, baina frantses hiztunak gero eta gehiago dira; beraz, desoreka handia dago batzuen eta besteen artean, 20-80 guti goiti-behiti. Hegiaren azpia eta gaina, amildegia. Barnealdean biztanleen erdiak omen dira euskal hiztunak, Nafarroa Behereko eta Xiberoako lurretan. Euskararen izpiritua fermuki atxikitzen omen da han, ez omen da mamu bat. Omen. VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, azken bost urteotan mila euskal hiztun gehiago bizi dira hiru probintzia hauetan eta bederatzi mila erdaldun. Ederki gaude. Antonin Artauden poema ekarri nuen gogora, erromantizismo, sinbolismo, dadaismo, surrealismo eta marxismoaren ondoren, hau da, subertsio politikoaren, filosofikoaren eta literarioaren ehunka eskolen ostean, zutik jarraitzen zuen gauza bat bazela, aldakaitza: izpiritua. Eta izpirituaren gainean gorotza plantatzen zuen berak, kaka egiten zuen. Gorputza behar du euskarak bizirauteko, politika berria: Euskal Herria; eta ni bezalakook gehiago erabiltzea ere bai, izpiritu errari batek ez baitu deus balio.