Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

«Tourist go home?»

Aurtengo udara hasiera honetan puri-purian dagoen gaia da turismoarena Euskal Herrian. Gure herriko ekonomiaren traktorea ez da izango turismoa, edo ez luke izan behar behintzat –ezin baita ahaztu tertziarizazioaren mamua–. Baina ezin da ukatu motor inportantea izan litekeela eta onuragarria izan litekeela, politika publiko egokiak sustatzen badira betiere. Ez da kasualitatea urte hauetako gorakada. Gobernuetatik sustatutako turismo politiken ondorioa da. Horrek larriagotu egiten du auzia, administrazioak ez baititu behar bezala doitu bere politika negargarrien ondorioak edo are larriagoa dena, ez ikusiarena egin du nahita. Ez dakit.

Eta sobran ikusten ari gara zein diren ondorioak: lan baldintza prekarioen gorakada, etxebizitzen alokairu irregularra, prezioen gorakada eta horren guztiaren ondorioz turismo fokuetan bizi diren herritarren ezinegona.

Lehen erreakzioa bortitza izan da. Bortitza diot, mezua erasokorra baita: «tourist go home». Turistarengan jartzen da fokua. Tiroa oker apuntatzea da hori, nire ustez. Lelo horrek inposatzen duen eztabaida markoa negargarria da borroka hau irabazi nahi baldin bada. Sarri esan izan dut lerrootan: marko egokia inposatzea funtsezkoa da. Auzia serioa da. Adostasun zabalak eskatzen dituena auzotarren, merkatarien eta instituzioen artean. Eta interbentzio publiko serioak eskatzen ditu.

Turista ez baita honetan guztian errudun nagusia. Turistaren helburua ez da bertakoei kalte egitea zu edo ni Bartzelonara, Berlinera edo Kubara oporretan goazenean gure helburua bertakoei kalte egitea ez den gisan. Turista zu edo ni bezalako gazte prekarioa da. Zu edo ni bezalako herritarren gurasoak edo izeba-osabak dira. Imsersoko jubilatuak gure aitona-amonen gisan.

Turismo basatiaren erantzuleak izatekotan gehiegizko esplotazioan oinarritutako turismo eredua sustatu duen eta horren ondorio kaltegarriei aurre nola egin ez dakien klase politikoa izango dira. Eta gure zeregina da gaiari seriotasunez heldu, eztabaida zentratu eta turismo eredu arduratsu baterako politika publikoak sustatzea.

Ondo pasatu oporrak.