Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Hitzen ondoeza

Agerikoa da jendarte teknologikoan bizi garela. Mundua digitalizatu egin da eta teknologia berriek ekarritako mundu ikuskera berri honek gure hitzak, esangurak, geure pentsatzeko eta gauzak ulertzeko moduak aldatu egin ditu, komunikatzeko era bera ere erabat transformatu duelarik. Informatizaturiko komunikazio berri honek anglizismoak jota gauzka eta gure garunak numerizatzen doaz gero eta gehiago.

Horrela mintzo dira, dirudienez, egun bulegariak elkarren artean (literalki): «Goizero ‘mac’-a pizten dudanean e-mailean checking bat egin ondotik forwards batzuk egiten ditut ‘excel’-en attachements batzuk bidaltzeko; gehienetan assistant bat agertzen zait chart bat egiteko. Resulting bat bidaltzen diot tarteka pay aouts batzuekin batera. Hamarretan jada down nago, anyway eta break baten beharra izaten dut. Ordenagailua overdose egoten da hard disk-a gainditua egoten delako gigabyte gehiegi dituelako. Hala ere, saiatzen naiz update batzuk bidaltzen ahal dudanean...».

Ildo beretik geure buruari argazkiak egiteari selfiea deitzen diogu orain. Edota hitz egin beharrean tuiteatu, txateatu, googleatu egiten dugu. Gure sentsazioak emotikonoen bidez adierazten ditugu eta albiste irakurrienari trending topic deitzen diogu, elkar ulertzeari feedback esaten diogu, feeling sentimenduari, emozioari; diru bilketari crodwfunding, hipster gizon bizardunari, mindfulness pentsatzeari, jet lag bat-bateko ordu aldaketaren sentsazioari, bitcoin ordaintzeko modu bati, airbnb etxe pribatuen alokatzeari, outsourcing azpikontratatzeari, transporte pribatuen saretzeari uberizazio, running korrika egiteari, coaching psikologia laguntzaileari, eta abar.

Eta hiztegi berritu honen hiperbinkuluaren eraginez errealitate zibernetiko eta psikodelikoak eraikiko dira gizaki edo cyborg berriak sortzeko.

Ni ez naiz hemengoa.