J.L.
sokatira

Gaztedik eta Goiherrik azkeneko egunean erabakiko dute zein den 560ko garailea

Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketan 560ko txapela azkeneko jardunaldian erabaki beharko da, atzokoan bi faboritoek, Gaztedik eta Goiherrik, berdindu egin baitzuten, eta amaierako ekinaldian ikusi beharko da onena zein den. Aurreneko jardunaldia Gaztedik irabazi zuenez, Laukizko taldeak jarraituko du sailkapeneko aurreneko postuan.

Atzoko saioan lehia estua izan zen, eta lehen postuan berdinduta amaitu zuten bi faboritoek, Gaztedik eta Goiherrik, alegia. Gainerako talde guztiak mendean hartu ostean, euren arteko tiraldietan, talde bakoitzak bat irabazi zuen, eta ondorioz, berdinduta geratu ziren.

Baina borroka ez da izango aurreneko posturako bakarrik, baita hirugarren posturako ere, hor Goiherri B eta Gaztedi B berdinduta geratu baitziren, eta podiumean sartzeko aukera hori azkeneko jardunaldian erabaki beharko da. Aurreneko bi sailkatuekin galdu egin zituzten euren tiraldiak, eta bien arteko lehia horretan berdinduta geratu ziren, tiraldi bana irabaziz. Akelarre taldeari, berriz, biek irabazi egin zioten.

Azken talde honek itxi zuen sailkapena, jokatu zituen tiraldi guztiak galdu egin baitzituen, eta sailkapen nagusian ere azken postuan jarraituko du.