Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Leziorik ez guri

Neu banoa oporretan; eskubide hori daukat, eta eskubidea inolako eragozpenik gabe egikaritzeko zortea. Halako jendartea dugu: betebeharrak eta eskubideak, nor zaren, nongoa, lehenak zorrotzago ezarriko zaizkizu eta bigarrenak traba gehiegi barik onartuko, zeure zori hobe edo kaskarragoaren mende. Cristina Cifuentes politikariak dio bakantzen kasuan ez liratekeela izan beharko betebeharra, baizik eta norberaren aukera (aukeratzeko aukera langile guzti-guztiek izango balute bezala), eta langileriaren zati zanpatu eta izorratu osoari trufa eginda gustura asko geratu da. Gustura eta, gainera, lezioa eman nahian atsedenaldia behar dugun gainerako hilkor guztioi, alferrontzi halakoak geu, esanez udaran lanean segituko duela, horren langilea, inurritxoa bera.

Bada, arrazoiak sobera ditu, berak eta Espainiako Estatuko gobernuak osorik, hondartzan lasai asko etzanda ez egoteko. Lehenik eta behin, eta nagusia: beren alderdiko zabor guztia atera eta dagokionaren esku utzi, geratuko liratekeenak bildu eta, beren burua zuritzeari eta salbatzeari utzita, jendearen arazoak konpontzeko lanean hasi; urrunago joan barik: goian aipatu langileria horrenak.

Bigarrenik, “Espainia: bakarra, aparta eta librea” ez dela onartu, herrien eskubideez batera, eta, batik bat, lurralde osoan azkeneko ezaugarri hori nagusitu dadin ahalbidetu, ahoa demokraziaz betetzen dutenean ez gaitezen guztiok gorritu, auzo-lotsak jota. Lan eskerga egin beharrean daude, etenik gabe, behingoz ulertzeko askatasunak horixe duela: ez da norberaren gustuaren araberakoa beti, desberdinen elkarbizitza osasungarrirako ezinbesteko funtsa baizik.

Hirugarrenik, jarrai dezatela apur bat gehixeago jorratzen “Genero-indarkeriari aurre egiteko ituna”, Kongresuan onartu berria. Har ditzatela aintzat oposizioaren ekarpenak, zuzenketak; bila dezatela modua ezarritako neurriak eta abarrak diruz hornitzeko, dirua bideratzen adituak dira-eta, eta topa dezatela diru hori horretarako eta, are gehiago, emakumeon kontrako indarkeriaz harago matxismoari berari aurre egiteko, ituna eraginkorra izango bada eta zerbaitetarako balioko badu. Irudi korporatiboa garbitzeaz harago.

Laugarrenik… Badituzte, bai, nahikoa etxerako lan udarako, horretarako daude-eta gobernuan, gobernu usteldu eta lotsagarrian. Guk, langile finok, goza ditzagun, inolako konplexurik barik, ondo merezia dugun atsedenaldia, bai horixe.