on LEUNDA
sokatira

Gaztedik irabazi du Lur Gaineko Txapelketako azkeneko txapela

Gaztedik irabazi du Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako azkeneko txapela, bera izan baita 600eko mistoan onena.

Jardunaldi bakar batera jokatu da maila hau, eta Gaztedik tiraldi guztiak irabazita lortu zuen garaipena. Bigarren postua izan zen Goiherri taldearentzat. Erandiokoek Laukizkoekin galdu egin zuten, eta gainerako tiraldietan nagusi izan ziren.

Emoziorik handiena hirugarren posturako izan zen. Bertan berdindu egin zuten Gaztedi B eta Gaztedi C taldeek. Lehen bi sailkatuekin galdu ostean, euren arteko dema berdinean amaitu zen, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten. Hor, Gaztedi B taldea izan zen bietan onena. Honekin amaitu da Euskal Herriko Txapelketa. Bertan, Goiherrik hiru txapel lortu ditu, eta bi Gaztedik. Orain, irailean, Europako Txapelketa jokatuko dute.

Euskal Herriko Txinga Txapelketan, berriz, Nerea Egurrola eta Kerman Perez de Heredia izan dira onenak. Nesketan, Egurrolak 52 plaza egin zituen. Atzetik Garazi Arruti, Pilar Rodriguez eta Iraitz Idoeta sailkatu ziren.

Mutiletan, Perez de Herediak 30 plaza egin zituen. Atzetik, Drame, Sukuntza eta Salterain sailkatu ziren. Neskek 25 kiloko txingak erabili zituzten esku banatan, eta mutilak 50ekoarekin jardun zuten.