Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Zurezko betaurrekoak

Ez luke horren zaila izan behar, bada. Ez baita txineraz irakurtzen jakin behar. Egintzen eta irudien hizkuntza unibertsalean «idatzita» datoz mezuak, eta logikaren deskodegailua besterik ez da behar esanahia hitz lauz «irakurtzeko». Baina alferrik da ideia errotu-erratuen zurezko betaurrekoak dituztenentzat.

Azken (aurreko) adibidea. Joan den igandean ospatu zuen Txinak bere armadaren sorreraren 90. urteurrena. Mezuz ernari etorri ohi dira horrelakoak, eta hau bereziki zaindu beharrekoa zen ingurumena nola dabilen ikusita. Ez du huts egin.

Labur esanda, dena aldatu da. Eszenatokia, aktoreak eta antzezpena. Akabo Chang'an hiribidea bete etortzen ziren dozenaka mila soldaduak, ehunka tankeak, dozenaka misilak... agintari gorenei men egitera. Horren ordez, Barne Mongoliako mortuan dagoen Zhurihe-ko entrenamendu-eremura joan da Xi Jinping. Han, kamuflajeko uniformez jantzita (!), dozena bat mila soldadu, elitekoak, agerikoa zenez, eta Txinako Armadaren lehorreko tresneria aurreratuena ikuskatu ditu. Telebista kameraz inguratuta (ekitaldia Txina osora helarazten zelako)... baina kanpoko prentsa eta begiralerik gabe. Hitzaldia, noski, ikuskizunaren tenorekoa. Beligerantea, belikosoa ez esatearren.

Bada antzezpen-erakustaldi horretatik batzuek atera duten ondorioa da... udazkeneko kongresurako bere burua sendotu nahian ari dela Xi. Hori da zorroztasuna!

Txinako Alderdi Komunistako idazkari orokorra kanpainako uniforme militarrez jantzita ikustea propaganda arrunta irudituko zaie. Zhurihe, Barne Mongolia osoa bezala, militarki Iparraldeko Gerra Eremuan egotea, berriz, kasualitatea. Eta iaz indarrean ipini zen antolamendu militar berriaren baitan Iparraldeko Eremu horren jo-puntua, ezin nabarmenago, Koreako penintsula izatea, ulertezina, agian.

Espero dezagun jakite eta zuhurtzia gehixeago izango dela Pentagonoan. Bestela, Koreako auziak oso bide gaiztoa har dezake berehala.