A.A.
ESKUA

Urrutikoetxea Aimarren atzelari Bilbon, Asegarceren 25 urteak ospatzeko

Asegarce enpresa 1992ko uztailaren 17an sortu zen Bilbon: aurten 25. urteurrena betetzen du, beraz. Eta urteurren horren ospakizuna ederki igarriko da Bilboko torneoan. Torneoaren izenean edota pilotariek elastikoan eramango duten logotipoan (argazkian ikus daiteke) esaterako, baina baita finalaren egunean kamiseta bat oparituko zaielako pilotalekura joaten diren zale guztiei eta sariak Marko Ibañez de Matauko eskultore gasteiztarrak lehiaketarako bereziki eginak izango direlako.

Jaialdiak abuztuaren 22an hasiko dira, eta egun horretan taldekako Bizkaia Torneoko finala jokatuko dute Anboto (Bakaikoa, Bengoetxea VI.a-Albisu eta Victor) eta Gorbea (Jaunarena, Altuna III.a-Rezusta eta Retegi Bi) taldeek.

Biharamunean, 23an, Bilboko Torneoaren lehen finalerdia jokatuko da Olaizola II.a-Urrutikoetxea (2016ko Binakako txapeldunak, “Urruti” atzelari dela) eta Elezkano II.a-Zabaletaren (iazko garaileak Bilbon) artean.

Abuztuaren 24an bigarren finalerdia jokatuko dute Bengoetxea VI.a-Larunbe eta Altuna III.a-Rezusta bikoek, eta finala abuztuaren 26an, larunbata, jokatuko da. Sarrerak 15-40 euro artekoak izango dira eta jaialdi denak arratsaldez (18.00) jokatuko dituzte.

Honi buruzko guztia: ESKUA