Klik bat gutxiago
Ahulak gara gizakiak. Sare sozialetan «Ramon Garciaren inoiz ikusitako akats handiena» irakurri orduko egiten dugu klik, aurkezlea bere betiko kaparekin hegan egiten saiatu ote den ikusteko. Bada, ez: gizon trataera eman dio telefonoz zuzenean deitu duen emakume bati. Baina ez dugu ikasten, eta «Carles Puyolek HAU publikatu du Mireia Belmonte zoriontzeko eta Instagram ero bihurtu da» irakurtzen dugunean, berriro ere: klik. Erantzunak zapuztuko gaitu berriz: «Zorionak Budapesteko Mundialean lortu dituzun hiru dominengatik».
Edukiak ez du ezertarako balio, baina klika egina dago: «Mundua txunditu duen Aldiren produktu ezezaguna» (ginebra bat), «Ingalaterrako printzearen zaletasun sekretua» (“The Killers” jotzea), «Edurneren agur tristea: ‘Paquito, nire bihotzean egonen zara’» (katua hil zaio). Fenomenoak izena dauka ingelesez: clickbait («Klik-amua» onartzen da euskaraz?). Teknika ez da berria; finean, irakurlearen atentzioa lortzea izan da beti titularren helburuetako bat. Baina sare sozialekin, beste hainbat gauzarekin bezala, eskuetatik ihes egin digula esanen nuke. Titularren helburua irakurleak notizia irakurtzea zen; orain klik egitearekin aski dugula dirudi. Tamalez, albistearen edukiak ez duela axola dirudi klikaren diktadura honetan.
Espainian edo Katalunian izurria askoz hedatuago dagoela uste dut. Baina ez nuke esanen Euskal Herrian arriskuz kanpo gaudenik; beraz badaukagu zer ikasi @respuestavideos edo @UnClicMenys bezalakoetatik. Clickbait-ak salatu eta notizia biluzten duten kontuak dira, spoiler papera harro aldarrikatuz. «Kazetari superheroi talde bat gara, infokaka tonak irensten ditugu zuri milioika klik antzu aurrezteko», dio @UnClicMenys-en aurkezpenak.
Helburua ez da beste kazetari baten lana gutxiestea, edo harrika aritzea ofizioaren kontra –denok behar ditugu klikak negozio honetan, etekina nola atera oraindik inork asmatu ez duen arren–. Helburua, izatekotan, kontrakoa da: interneteko kazetaritzaren maila igo eta prestigioa ematea. Auskalo, agian hortik etorriko dira denek bilatutako etekin horiek.