Bizkaiko zahar etxeetako greba urriaren 31ra arte luzatzea erabaki du ELAk
Egoitzetako tarifak bere horretan uztea eta ratioak ez aldatzea erabaki du Aldundiak. Baldintza horiei aurre egiteko eta aldarrikapena entzunarazten jarraitzeko hartu dute langileek greba luzatzeko erabakia.
Bizkaiko zahar etxeetako greba urriaren 31ra arte luzatuko dutela adierazi zuen ELA sindikatuak atzo Bilbon eginiko elkarretaratzean. Zahar egoitzetako tarifak gutxienez 2018ko urriraino izoztu eta ratioak ez aldatzea proposatu zuen Bizkaiko Aldundiak eta horren aurrean hartu dute grebalariek mobilizazioekin jarraitzeko erabakia.
ELAk jakinarazi zuen plazak 81 euroan uzteak –azken bi urteetan izandako eta 2017rako espero diren KPIekin– prezioak %4 edo 5% baxuago izatea suposatzen duela, «hau da, enpresarentzako finantziazio txikiagoa». Eta sindikatuak argitu zuenez, horrek lan baldintza prekarioei eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu «kaskarrari» buelta ematea zailtzen du. «Eragozpen handiak dira gatazka konpondu ahal izateko, eta gainera, emakumeek pairatzen duten diskriminazioa larriagotuko da», salatu zuen.
Era berean, Unai Rementeria ahaldun nagusiaren hitzak ezbaian jarri zituzten grebalariek. Izan ere, hauen ustez, bateraezina da jendaurrean adieraztea soldatak igo egin behar direla eta aldi berean 3.000 oheen tarifa bere horretan uztea.
Beraz, Bizkaiko egoitzetako lan baldintzak hobetzeko, Foru Aldundira joko dute eta astean 35 orduko lanegunak, 1.200 euroko soldatak eta langile gehiago aldarrikatzen jarraituko dute urriaren 31ra arte.