Jon Rekondok ezustean harrapatu du Aitzol Atutxa
Leitzarra nagusi izan zen Ligako azkeneko jardunaldian, baina atzoko biak izango dira Getxoko finalean.
Jon Rekondok mendean hartu zuen, atzo, Aitzol Atutxa Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako azken jardunaldian, eta biek ere finala jokatuko dute Iker Vicenterekin batera.
Jon Rekondok ez zuen herenegun Euskal Herriko finalera sartzerik lortu, baina atzo horretarako gaia bazeukala erakutsi zuen, eta orain lehiaketa honetako finalarekin gozatu beharko du. Finala urriaren 23an jokatuko da Getxon.
45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztu; hori izan zen egin beharreko aurreneko lana. 39an ebaki zuen Atutxak, eta Rekondok bi gehiago behar izan zituen. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta biek minutu batean amaitu zuten jarduna.
Hirugarren lanean, zutik jarritako 45 ontzakoa erdibitu behar izan zuten, eta hori Rekondok irabazi zuen. Lana minutu eta 37 segundoan burutu zuen, eta 2 minutu eta 23 segundoan, bizkaitarrak.
Gero, 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta hori Atutxak eraman zuen, bere lana 3 minutu eta 47 segundoan bukatuta. Leitzarrak 3 minutu eta 57 segundo behar izan zituen.
Horren atzetik, zutik jarritako 45 ontzakoa, eta etzandako kana-erdikoa ebaki behar izan zituzten; Atutxak irabazi zuen, lana 3 minutu eta 49 segundoan amaituz eta aurkariari lau segundo ateraz. Azkenik iraupen proba egin behar izan zuten, eta hor aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Azkeneko lan horretara Jon Rekondo aurretik sartu zen; izan ere, hogei segundoko abantaila zuen leitzarrak, baina iraupen proban Atutxak hori gaindituko ote zuen ustea bazegoen, baina Rekondok irabazi zuen, saioa erabakita utziz, bere lana 10 minutu eta 13 segundoan amaituz. Atutxak 10 minutu eta 37 segundo behar izan zituen. Egin beharreko guztiak egiteko, 21 minutu eta 21 segundo behar izan zituen Rekondok eta Atutxak, berriz, 22 minutu eta 15 segundo.
Honekin amaitu da liga eta Vicente II.a izan da onena, 6 puntu batuz. Atzetik, Rekondo, Atutxa eta Mugertza II.a. Mutrikuarra izango da finaletik kanpo geratuko den aizkolaria. Orain hilabeteko tartea geratzen da finalerako, baina tarte horretan Kopako kanporaketak jokatuko dira. Hor joan den astean jokatu zen aurreneko kanporaketa, eta hura Mieltxo Mindegiak irabazi zuen.