Jon LEUNDA
sokatira

Euskal Selekzioak zilarrezko domina eskuratu du Europako Txapelketan

Zilarrezko domina eskuratu zuen atzo Euskal Herriko selekzioak Ingalaterran jokatzen ari den Europako Txapelketan, aurtengo lehena. Kluben mailan domina bakar bat ere lortu gabe geratu ostean, selekzio mailan lehen egunean lortu zuten podiumera igotzea euskaldunek.

560 kiloko gizonezkoen mailan izan zen, eta euskal tiralariek lan bikaina egin zuten. Finalerdietara iritsita, Ingalaterrari egin behar izan zioten aurre, eta berdeek irabazi egin zuten, finalerako txartela eskuratuz. Urrearen lehian, ordea, Suitza izan zuten aurrean, eta haien aurka bi tiraldiak galdu ostean, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Baina atzo beste bi mailatan ere aritu ziren lanean euskal ordezkariak. Gizonak 680koan ere aritu ziren, eta zortzigarren geratu. Neskak, berriz, 520koan aritu ziren, eta ez zuten dominarik lortzeko aukerarik izan.

Gaur amaituko da Europako Txapelketa, eta euskal tiralariek itxaropen handiak dituzte. Hasteko, lehiaketa mistoan ariko dira, 600 kilotan, 10.00etan hasita. Gero, 14.00etan, mutilak 640 kiloko mailan arituko dira, eta, ordu erdi bat geroago, neskak 560 kilokoan.