Andoni ARABAOLAZA
TRAIL

Tor des Geants probaneuskal korrikalariaknagusitu dira

Javi Dominguezek, garaipen handia lortzeaz gain, errekor berria ezarri du: 67 ordu eta 52 minutu. Silvia Trigueros bigarrena izan zen. Lasterketak 339 kilometro eta 24.000 metroko desnibela izan du.

Trail munduko lasterketetan, Tor des Geants muturrekoenen artean ia muturrekoena da. Lehiaren gidoiak dena adierazten du: 330 kilometro eta goranzko 24.000 metro desnibel. Aurtengo ekitaldiari dagokionez, beste batzuetan baino gehiago, euskal korrikalariek protagonismo berezia izan dute.

Hasteko eta behin, gizonezkoetan, Javi Domiguezek irabazi du. Gasteiztarrak, 67 ordu eta 52 minutuko denborarekin, errekor berria ezarri du. Eta bitxia bada ere, 2013. urtean beste euskal lasterkari batek, Iker Karrerak, eginiko denbora 2 ordu eta 29 minutuan hobetu du. Bosgarren postuan, berriz, Imanol Aleson sailkatu da 69 ordu eta 17 minutuko denborarekin.

Nesketan, bestalde, lan ederra egin ondoren, Silvia Triguerosek ohorezko bigarren postua erdietsi du: 97 ordu eta 43 minutu. Irakurtzen den bezala, beraz, trail munduko euskal espezialistek Tor des Geants proban nagusitasuna erakutsi dute.

Muturreko lasterketa honi hilaren 10ean eman zitzaion hasiera. Aurretik zuten ibilbidea ikusita, harrigarria da Courmayeur-eko (Italia) irteera puntuan 867 lasterkari ikustea; horietako 106 emakumezkoak ziren.

Errekorra

Inolako zalantzarik gabe, Dominguezek eginiko lana azpimarratu behar da. Proba horretara abiatu aurretik, gasteiztarrak zalantzak zituen; izan ere, ultratrailetan espezialista bada ere, hiru eguneko proba batean ez zuen eskarmenturik.

Baina zalantza guztiak hasieratik uxatu zituen. Lasterketa, berez, Franco Colleren eta Dominguezen arteko norgehiagoka izan zen. Azkenean, 30 kilometroren faltan, Colle lehertu zen, eta helmuga puntuan gasteiztarra lehena izan zen.

Muturreko lasterketa honi buruz, Dominguezek zera adierazi du: «Ahaztu baino lehen, lehia guztian zehar bizi izan dudana partekatu nahiko nuke. Eskuarki egun bateko lehietara ohituta nago, eta Tor des Geants-ek bikoiztu baino gehiago egin du. Korrikaldi honetan lo egin gabe denbora asko egiten duzu; horregatik eite psikologiko handia du. Kuluxka txiki batzuk baino ez ditut egin; hiru egunean soilik 35 minutu egin dut lo».

Gasteiztarraren garaipenari Alesonen bosgarren postua gehitu behar zaio. Eta, jakina, Triguerosen bigarren postu handia ere nabarmentzekoa da. Lisa Borzanirekin norgehiagoka ederra izan zuen, baina italiarra lehena izan zen.

Honi buruzko guztia: TRAIL