Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Emakumezkoen 9a+ zailtasunabidea egiten ari da

Anak Verhoeven belgikarrak «Sweet neuf» bidearentzat 9a+ proposatu duen bitartean, Margo Hayes estatubatuarrak gradu bereko «Biographie»-ren lehen igoera femeninoa erdietsi du.

Emakumezkoen artean, muturreko zailtasunak gero eta sekretu gutxiago ditu. Azkenaldiotan, lehen lerroan dauden protagonista batzuk, gazteak guztiak, urratsak egiten ari dira. Horietako bi Anak Verhoeven belgikarra eta Margo Hayes estatubatuarra ditugu.

21 urteko belgikarra, adibidez, lehen aldiz 9a+ gradura heldu da. Frantziako Vercors-en “Sweet neuf” bidearentzat zailtasun hori proposatu du. Irailaren 11n izan zen, “Sang neuf” eta “Home sweet home” bideak lotu ondoren. Era horretara, Verhoeven emakumezkoen 9a+ esferara sartu den bigarren eskalatzailea da. Lehena, berriz, lerrootako bigarren protagonista izan zen: Hayes. Gogoratu behar dugu gazte honek Siuranako “La Rambla”-rekin historia egin zuela; izan ere, lehen 9a+ femeninoa izan zen. Bada, 19 urteko estatubatuarrak Ceuseko “Biographie” marrarekin bere bigarren 9a+ sinatu du; bidearen lehen igoera femeninoa izan da.

Verhoevenen kasuan, bera izan da bide hori igo duen lehena. Hayesek kateatu dituen bi bide horiek aldez aurretik gizonezkoek igota zituzten.

Beste bi

Belgikarrak Vercorsen jo eta su jardun du. Iaz, adibidez, “Ma belle ma musse” bidearentzat 9a proposatu zuen. Handik egun batzuetara Jean-Elie Crestin-Billetek errepikatu zuen eta 8c+/9a graduan utzi zuen. Garai haietan, bestalde, eskalatzailea “Sang neuf” xedea probatzen ari zen. Hotzagatik, 15 metroko helburu hori bertan behera utzi zuen. Irailean berriro itzuli zen. Eta bai kateatu ere. Baina 9a bezala aurkeztu zuten bide hori “Home sweet home”-rekin lotzea proposatu zioten. Onartu, saioak egin eta azkenean bi bide horiek lotzea lortu du. Emaitza: “Sweet neuf” (9a+).

Bien bitartean, Hayesek historia egiten jarraitzen du. Joan den udan, Ceuse izan du “etxea”. Urtaro horren hasieran “Biographie” probatzen hasi zen, baina bidearen giltzak, blokeko 7c graduko sekuentziak, atzera bota zuen.

Laura Rogora italiarra eta Janja Garnbret esloveniarra ere saiatu dira; lehenak, marraren giltza ez zuen gainditu, eta bigarrena azken mugimendu gogorrean erori da. Azkenean, irailaren 24an, estatubatuarrak saria poltsikoratu du: «Bidea probatu eta segituan buruan iltzatuta geratu zitzaidan. Muturreko zailtasunean, azken hamarkada hauetan mutilak nagusitu dira. Baina egun, beste maila batean, neskek muturra sartu dugu; ohorea da».