Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Bodyboard

Munduko APB titulua jokoan: Campbell eta Schenger nagusi

Nesken zein mutilen munduko bodyboard itzulia amaitzeko bi txapelketa falta dira. Aste honetan Nazaren dira munduko bodyboard zale onenak. Iain Campbell eta Joana Schenger dira 2017ko APB titulu mundiala irabazteko aukera gehien duten bi lehiakideak.

Mundu mailako APB bodyboard zirkuitua azken txanpan sartu da. Portugalgo txapelketen txanda aste honetan bertan amaituko da eta, mutilen zein nesken kasuan, bi txapelketa baino falta ez direnean, aurtengo titulu mundiala eskuratzeko aukerak dituzten lehiakideen zerrenda gero eta estuagoa da. Alex Uranga zumaiarra 2017ko APB titulua irabaz dezaketen lehen lau lehiakideen artean aurkitzen da.

Atzo amaitu zen Vianan mutilen munduko APB bodyboard zirkuituko bederatzigarren txapelketa. Olatu ederrak izan ziren, bi metro ingurukoak, indartsuak eta borobilak, zaleek ikuskizunaz gozatzeko ezin hobeak. Lehiakideek etekina atera zieten Portugalgo kostaldean sartu zen itsaskiak sortutako olatuei, eta maila itzela dutela erakutsi ahal izan zuten.

Azken bi asteetan bi txapelketa izan dira Portugalen, bata Praia Granden (Sintra Pro) eta bestea Vianan, eta lehiakide berak irabazi ditu bi txapelketak, APB rankingean buru den Iain Cambell hegoafrikarrak.

Iain Campbell nagusi

Hegoafrikar honek aurten parte hartu duen lehen mailako txapelketa guztietan sekulako emaitzak eskuratu ditu. Orain artean lortu duen emaitza txarrena bosgarren postu bat izan da, hau da, final-laurdenetara iristea, beraz on fire dagoela esan daiteke.

Kontuan hartu behar da lehiakideek lortzen dituzten bost emaitza onenen baturaren araberakoa izaten dela bakoitzak APBko ranking orokorrean duen postua. Aitzitik, lehen postuan da Campbell, gainerako lehiakideekiko tarte esanguratsuarekin gainera, eta ondorioz, APB titulu mundiala eskuratzeko aukera gehien duen lehiakidea da.

Kontuan hartu beharreko beste gauza bat txapelketa bakoitzak eskaintzen duen puntu kopurua da. Esate baterako, Portugalen egin diren azken bi txapelketak 4.000 puntukoak izan dira, baina hurrengo bi txapelketak 5.000 puntukoak izango dira, hortaz, garrantzitsuagoak direla esan daiteke, eta horrez gain, diru gehiago irabazteko aukera ere eskaintzen dute halako txapelketek.

Gauzak horrela, Campbellen atzetik datozen hurrengo bost lehiakideen artean ez dago alde handirik bakoitzak bildu duen puntu kopuruari dagokienez eta lehia puri-purian da. Lehiakide horien artean aurkitzen dira Alex Uranga zumaiarra, Pierre-Louis Costes frantsesa, Uri Valadao brasildarra, Diego Cabrera kanariarra eta Jared Houston hegoafrikarra. Guztiak, azken urteetan lehen postuetan izan diren lehiakide beteranoak dira, esperientzia handikoak.

Bihar hasi eta urriaren 11 bitartean, Portugalen jarraituko dute oraindik munduko bodyboard zale onenek, Nazareko urautsi famatuan izango da 5.000 puntuko Bronze Grandslam Praia de Norte txapelketa. Campbellek txapelketa hori irabazten badu, zirkuituko azken txapelketa egin aitzin zuzenean aurtengo titulu mundiala eskuratzeko aukera izango du.

Campbellek aste honetan Nazaren izango den txapelketan emaitza txar bat izango balu, eta ostera, aurrez aipatutako lehiakideren batek txapela eskuratuko balu, urriaren 14 eta 28 bitartean Gran Kanaria uhartean izango den itzuliko azken txapelketan erabakiko litzateke 2017ko APB titulu mundiala norentzat izango den.

Joana Schengers

Nesken kategorian ere oraindik bi txapelketa falta dira aurtengo APB zirkuitua amaitzeko, eta mutilen kasuan bezala, Portugalen aurkitzen dira nesken lehen mailako bodyboard zale esanguratsuenak. Sintra eta Madeirako txapelketen ostean hauek ere Nazaren dira. Nesken itzuliko azken txapelketa Kanaria uharteetan izango da, urriaren 14tik 28ra (La Guancha Pro).

Nesken kasuan txapelketa batek eskain dezakeen puntuazio gorena 4.000 puntukoa da, baina lehiakide bakoitzak ranking orokorrean izango duen postua erabakitzeko sistema beti bera da, alegia, mutilen kasuan bezala, bost emaitza onenen gehiketak zehazten du rankingerako lehiakide bakoitzak izango duen postua eta puntu kopurua.

Nesken artean ere bada aurtengo titulu mundiala eskuratzeko gainerako parte hartzaileek baino aukera gehiago dituen lehiakide bat. Joana Schenker portugesa munduko txapela eskuratzeko zorian izan zen Madeiran egin berri den txapelketan. Madeirako txapelketa irabazi izan balu momentu honetan 2017. urteko mundu txapelduna izango litzateke, baina ez zuen finalerdietara iristea lortu.

Aldiz, Europako bodyboard txapeldun titulua eskuratzeko nahikoa zuen final-laurdenetara iristea, eta hori bai, egin ahal izan zuen. Horri esker, laugarren aldiz jarraian Europako txapela jantzi du portugesak eta munduko txapela irabazteko ere aukera anitz ditu.