Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Aprobetxatu beharreko altxorra

Diskurtso flotanteak ez dira ezer mugitzeko gai. Kondizio material koinzidente batekin topo egin behar du, gauzak gertatu egin behar dira eta sentitu egin behar dira norbere pertzepzioan klik bat eragin eta aktibatzeko. Etorkizuneko nostalgiaz ere hitz egin izan da.

Borroka molde bati atxikitako epika baino, proiektu bati atxikitako epika dela behar duguna; beraz, itxaropena da hitz gakoa. Zerbait hobea eskuratu ahal izatearen sinesmena.

Katalunian haserre eta umiliazio sentimendu kolektibo batek konfrontazio egoera bat eragin du. Horren aurrean itxaropen kolektibo bat piztu da gutarren talde berri heterogeneo eta konplexu bat osatuz. Eta konfrontazio egoera horretako tentsioa areagotu ahala, gutarren talde hori are gehiago zabaltzen ari da.

Itxaropen kolektibo hori eta proiektu berri baten epika –Errepublika Katalana– elkarri lotuta doaz.

Esan izan da herri bat etengabe epe luzean mobilizatuta izatea ezinezkoa dela. Halako mobilizazio ziklo luzeen ondoren nekea pilatzen da eta gaizki ateratzen bada frustrazio bilakatzeko arriskua dago. Pentsatu izan dut gizarte likido eta postmoderno honetan pertenentzia sentimenduak zerbait estatiko gisa ulertzea akatsa dela. Identitateak ere likidotu direla, eskaparateko moda bilakatu direla. Bada, bai eta ez. Baditugu funtsezkoak diren pertenentzia sentimendu sustraituak ere eta eskerrak! Banuen halako ikuspegi bat Kataluniako independentismoarekiko.

Azken asteetakoa ikusita, uste dut belaunaldi oso bat bizitza osorako markatu duten akontezimenduak gertatu direla. Modu baketsuan kausa komun baten alde mobilizatzen den herri oso baten epika indartu da. Erreferendumaren antolaketan izan diren zailtasunei aurre egin beharrak, imajinazio kolektibo ikaragarria pizteaz gain, gizarte kohesioa eta harreman komunitario sareak sortu ditu oso familia ezberdinen artean.

Ikuspegi eraldatzaile batetik hori etorkizunean ere aprobetxatu beharreko altxorra da.