Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Bodyboard

Joana Schenger munduko txapeldun eta Txomin Lopez hendaiarra nagusi Nazaren

Joana Schenger portugesak 2017ko nesken APB munduko titulua irabazi du. Txomin Lopez hendaiarrak irabazi du Nazaren munduko Junior txapelketa.

Lehen aldiz portuges batek irabazi du munduko bodyboard titulua. Aurtengo nesken APB zirkuitua oraindik amaitu ez bada ere, behar adina puntu lortu ostean irabazi du titulua Joana Schengerrek. Ondorioz, urriaren 14an Kanaria uharteetan egingo den itzuliko zortzigarren eta azken txapelketan lehiatuko direnen helburua ez da APB titulua eskuratzea izango, urtea ahalik eta postu hoberenean amaitzea baizik.

Schengerrek emaitza kaskarra izan zuen Nazaren, eta bere aurkari nagusiek emaitza onak lortu izan balituzte ezin izango zukeen munduko titulua eskuratu, baina ez zen horrela izan, Alexandra Rinder kanariarrak eta Isabela Sousa brasildarrak ez baitzuten finalera iristea lortu. Horri esker Schenger 2017ko nesken bodyboard txapelduna da jada.

Bi japoniar finalean

Nazareko nesken munduko bodyboard txapelketan bi metroko olatu bikainak izan ziren. Bi japoniar iritsi ziren finalera, Ayaka Susuki eta Sari Ohhara. Azken honek bi aste lehenago Vianan izan zen munduko txapelketa irabazi zuen.

Ohhara izan zen Isabela Sousa kaleratu ostean Schengerrek munduko txapela eskuratzea ahalbideratu zuena, horregatik irabazi zuen portugesen babesa. Ikusleen animoak, ordea, ez ziren nahikoa izan eta azkenean, Ayaka Susuki, bere herrikidea izan zen Nazareko txapela eraman zuena.

Bi lapurtar finalean

Junior kategoriako munduko txapelketa ere egun berean amaitu zen Nazaren eta euskaldun batek irabazi zuen gainera. Txomin Lopez hendaiarrak pozarren astindu zuen lagunek sorbalden gainean hartu ostean esku artean jarri zioten ikurrina.

Lopez, ez zen gaztetxoen kategoriako finalean izan zen lapurtar bakarra, Eddy Mangenot angeluarrak ere azken txandara iristea lortu baitzuen. Gauzak honela, Lopezen atzetik, Enelik Nazir Txileko bodyboard zaleak eskuratu zuen bigarren postua. Mangenot hirugarren geratu zen, eta laugarren postua Miguel Ferreira portugesarentzat izan zen.

Junior kategorian guztira sei txapelketek osatzen dute aurtengo zirkuitua eta oraindik txapelketa bat falta da (La Guancha Pro, Kanaria uharteetan) aurtengo Junior mundu titulua nork eskuratuko duen jakiteko.

Bien bitartean, Alex Uranga zumaiarra bezala lehen mailan diren bodyboard zaleek lehian jarraitzen dute Nazareko olatuetan eta emaitzak aste honetan bertan jakin ahal izango dira.