Andoni ARABAOLAZA
ALASKA

«Un pas més» Silvia Vidalen bakarkako ibilbidean

Eskalatzaile katalanak, autonomia osoz, bide berri bat zabaldu du Alaskako Arrigetch Peaks-eko Xanaduren mendebaldeko aurpegian. 36 eguneko garraio lanak egin ostean, 17 egun igaro zituen paretan 530 metroko marra zabaltzeko. Zailtasunak, berriz, A4/A4+, 6a.

Bere azken xedean Silvia Vidalek ohiko gidoiari eutsi dio: urruneko hormatzar bat aukeratu eta bakarka igo du. Iragan udan, eskalatzaile katalana Alaskan izan zen; hain zuzen ere, Arrigetch Peaks-eko Xanadu izeneko paretan. Haren mendebal aurpegian “Un pas més” bidea zabaldu du. 530 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: A4/A4+, 6a.

Aurkezpen modura, horiek dira protagonista honek eskaini dizkigun lerroburu nagusiak. Baina horiek hankamotz geratzen dira, baldin eta jarduera horren inguruan beste eite batzuk aipatzen ez baditugu. Eskaladari dagokionez, sortu duen marra horretan 17 egun igaro zituen. Espedizioari dagokionez, bestalde, aipatu behar dugu Alaskako urruneko haran horretan 53 egun egin dituela; horietatik 36 garraio lanetan.

Bakarka, autonomia osoz, eta bide gogor bat zabaltzen. Eite horiek dira, beraz, arestian aipatu dugun gidoiaren osagai nagusiak, Vidalen ibilbidean ohikoak direnak eta bere web- gunean (vidalsilvia.com) ikus daitezkeenak.

Xanadu izeneko horma ez da batere ezaguna. Urruneko inguru batean dagoela jakina da, eta lasai asko esan genezake Vidal horren bila joan dela.

Xanaduren mendebal aurpegiaren erdiko zatia orain arte igo gabe zegoen. Mendiaren lehen igoera Jon Krakauer eta Bill Bullard estatubatuarrek lortu zuten. 1974. urtean izan zen, eta sokada hori aurpegi horren izkin batean dagoen hego ertzetik igo zen.

Ordutik Xanaduk hainbat espedizioren bisita jaso ditu. Aurpegi ezberdinetatik saiatu dira, baina guztiak ala guztiak esku hutsik itzuli dira etxera.

Alabaina, joan den udan hormatzar horretan gertatu dena berezia izan da oso. Esan dugu Xanaduren mendebal aurpegia igo gabe zegoela; bada, uztail eta abuztuaren artean hiru bide berri jaso ditu. Horietako bat lerrootako protagonistarena.

Bigarrena Zeb Engberg, David Bain, Gabe Boning eta Billy Braasch-ek osatutako sokadarena da. Laukote honek paretaren eskuinaldean (ikusi argazkia) “Golden Petals” marra (V, 5.13+ edo 5.12 A0) sortu du. 14 luze zabaldu zituzten; hori bai, era askean igotzeko aukera izan zuten.

Hirugarren bideak Vitaly Musiyenko, Brian Prince eta Adam Ferroren sinadura darama. Hirukote honek egun bateko jardunean eta librean “Arctic Knigth” (V, 5.11+, 7 luze) zabaldu zuen. Eta Xanaduren mendebal aurpegiaren erdi-erdian, uztailaren 5etik 21era, Vidalek “Un pas més” marraztu zuen. Xanaduri Artikoko Half-Dome deitzen diote, eta katalanak GARAri adierazi dionez, oso ederra da: «Bere estetikak erakarri ninduen. Baina horretaz gain, bere kokapena, agerikoak dituen marra gutxi horiek, ingurua... Nahiz eta jakin banekien horma hori ez dela erraldoia, nik nuen sentsazioa zen hara iristeko egin beharreko lan eskergak merezi zuela».

Izaera honetako espedizioetan Vidalek bakardadea bilatzen du. Eta pareta bera eskalatzeko beste bi espedizio izan badira ere, eskalatzaileak aitortu digu bakardade hori erabatekoa izan dela: «Uste dut kointzidentzia hori inguruak baino uneak markatu duela. Urteak neramatzan pareta horri begira. Uda honetan, berriz, hiru espediziok izan dugu xede pareta bera. Batzuek esango dute kasualitate hutsa dela; beste batzuok, berriz, pentsatzen dugu badagoela zerbait gure jarduna zuzentzen duena. Bi talde horiekin egon nintzen. “Un pas més”-etik eskuinera zabaldu zutenekin paretan bertan topo egin nuen. Baina ez kanpaleku nagusian. Haiek beste haran batean antolatu zuten, eta hara ez nintzen joan. Nire kanpalekua, aldiz, paretan bertan antolatu nuen. Beste espedizioa abuztuan iritsi zen. Haiek gora egiten ari zirenean eta ni behera nindoanean egin genuen topo. 20 minutu eskaseko solasaldia izan genuen. Kanpalekua, logistika, estiloa, bideen aukeraketa eta datak ezberdinak izan dira. Horri guztiari esker, espedizio bakoitzak bere espazioa eta bakardadea izan ditu».

Erronkaren garrantzia

Arestian aipatu dugunez, Vidalen espedizioa 53 egunekoa izan zen. 17 egun egin zituen paretan, baina hara iristeko 36 egun pasatu zituen tresneria guztia garraiatzen.

Bakar-bakarrik; inolako laguntzarik jaso gabe. Eta hori guztia gutxi izango balitz, ez zuen telefonorik eraman; era horretan, beraz, eguraldi iragarpenik ez zuen jaso.

Kanpalekura, guztira, 150 kilo garraiatu zuen: «Eskaladako tresneriari dagokionez, sokada batek eramaten duena garraiatu nuen. Kasu honetan bakarkako jarduera izan zen. Janaria bi hilabeterako behar beste eraman nuen; hori bai, oinarrizkoa. Hori guztia paretara eramateko 20 joan-etorri egin nituen; hain zuzen, hegazkin txikiak utzi ninduen lekutik paretaren sarreraraino. Guztira, 540 kilometro izan ziren. Gainera, aipatu behar dut hormara iristeko azken zatia ezegonkorra eta tentea dela. 4 kilometroan 800 metroko desnibela gainditu behar da».

Pisu handi hori hainbat aldiz garraiatu behar izan bazuen ere, protagonista honek esan du hurbilketa bidea ez zela batere erosoa izan: «GPS zein alderdi horretako mapa ez nituen osorik. Bidea aurkitzea ez zen batere erraza izan; haranetik gora dagoen xenda ekainean apenas ikusten den. Abuztuan, berriz, askoz ere agerikoa zen. Horretaz gain, adierazi nahi nuke ez dela erraza azaltzea zer den 36 egunetan garraiatzen aritzea, batez ere jakinda inguru horretan hartz piloa dagoela; ez dago ezkutatzeko lekurik. Hartz bat baino gehiago ikusi nuen. Ez zen ezer gertatu, baina gaizki pasatu nuen».

Beste bi espedizioek ez bezala, Vidalek ez zuen kanpalekua haranean bertan atondu: «Ni paretaren ezkerraldera dagoen lepo batera igo nintzen. Erlaitz batetik haren oinarrira heldu nintzen. Eguraldiari dagokionez, denetarik izan nuen».

“Un pas més”-ek guztira, 11 luze ditu. Lehen, bosgarren eta seigarren luzeetan espit bana utzi du, eta beste 12, bileretan.

Bi bilgune garbi daude: «Zailtasun tekniko gogor ia gehienak plaketan daude. Zati motzak dira, baina arriskutsuak, gakoekin egiten diren horietakoak. Arroka granitoa bada ere, harea antzeko tarteak aurkitu nituen. Bloke solte batzuk ere baditu, eta artesiak baino ugariagoak dira plakak. Paretara itsatsita ez zeuden harlauza batzuen ondorioz, sokarekin arazoak izan nituen. Baina, oro har, arrokaren kalitatea nahiko ona da».

Amaiera aldean, Vidalek esan digu sortu duen bideari baino erronkari eman diola garrantzia: «Beste behin ere bakarka jardun dut; hori da bilatzen dudana. Azken xede honetan erabat basatia den ingurumari batean jardun dut. Horrek guztiak egin dudan espedizioa baldintzatu du; batez ere, animalia basati asko dagoelako. Horrek egunerokotasunari konpromiso gehigarria ematen zion. ‘Un pas més’-ek esan nahi du 540 kilometro garraiatzen igaro dudala. Eta hori urrats asko dira. Alderdi ezezagun batera joan naiz, eta hori ere beste urrats bat da. Zalantzak eta une zailak bizi izan ditut, eta egoera hori urratsez urrats soilik kudeatu nezakeen».