GARA
Surfa

Punta Galea Challenge, aurreneko urteetako espirituaren bila

Punta Galea Challenge olatu handien txapelketaren ekitaldi berriak datorren igandean zabalduko du itxarote-epea, eta 2018ko martxoaren 31ra arte izango du zabalik, iaz baino hilabete gehiago. Azken bi urteotan ez da proba egin ahal izan, eta Nazioarteko Surf Ligak (WSL) txapelketa olatu handien munduko zirkuitutik ateratzea erabaki du. Horregatik, antolatzaileek lehiaketak aurreneko urteetan izan zuen espiritua berreskuratu nahi dute eta askatasun handiagoa izango dute data egokia aukeratzeko.

Punta Galea Challenge txapelketaren hamabigarren ekitaldia izango da, eta 8.000 euro banatuko dituzte sarietan, horietatik 3.000 garailearentzat. Partaideei dagokienez, aurreikuspenen arabera, 24 surflari lehiatuko dira. Aurten ere Getxon izan litezkeenen artean ditugu Twiggy Baker hegoafrikarra, munduko txapelduna modalitate horretan eta Galean irabazitakoa, eta Jaimie Mitchell australiarra, modalitate honetako beste lehiakide aparta. Laster biak Getxora etortzea espero omen da, olatua probatzera eta antolatzaileekin elkartzera.

Aldaketak aldaketa, Jokin Arroyo antolakuntzako kideak adierazi zuenez, «olatuaren mailari eusten diogu, eta jakina, ekitaldiaren mailari ere bai. Gonbidapen bitarteko txapelketa bihurtu gara, baina nazioarteko maila duena. Era autonomoan, txapelketaren diseinu eta marrazketa gure eskuetan dira berriro».

Aurkezpen ekitaldian izan zen bertako surflarietako bat ere, Adrian Fernandez de Valderrama, txapelketara gonbidatu baitute beste behin. Nabarmendu zuenez, lehiaketak Getxo «olatu handien surfaren munduko mapan kokatu du».

Honi buruzko guztia: Surfa