Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Liluraren itsukeriari utzita

Gidoilari entzutetsu batek esan zidan, gaztetan etorkizunean zertan jardun pentsatzen nenbilela, eta zinemazale enamoratua nintzela ikusirik, sekula ez aritzeko profesionalki zinemagintzan, honenbeste maite banuen. Esan zidan industriaren engranajeekin etengabeko borrokan, askatasun eta duintasunez lan egin ahal izateko ezinbestekoan, lanbidearen beraren edertasuna ahaztuko nuela; esan zidan pantaila aurreko edertasuna, zirrara, magia… oso-oso gutxitan biziko nituela pantailaren atzealdean, ene gozamen handienari tripak ireki eta barruko zikinkeria guztia ikustea eta usaintzea bezala izango zela. Esan zidan, azkenik, eremu latza eta ankerra zela emakumeontzat, oso bereziki, eta bizitza malkoak isurtzen emateko prest baldin banengoen baino ez egiteko aurrera. Gogoa kendu zidan, noski, eta nori ez.

Halere, orduan, ene xalotasunean, sekula ez nuen pentsatuko hainbesteko kiratsa zerionik zinemaren munduari, are gutxiago bertako gune goren den Hollywoodi, hain distiratsu eta ederrari; ez nuen imajinatuko film baten sorreratik nire begietarainoko bidea despotismoz, sexismoz eta indarkeriaz, hainbesteko hipokrisiaz, beteta egongo zenik, eta artisten artean eraikitako eta garatutako esparruetan, loriatik askoz ere urrunagoko lurtarretan bezala, emakumeak berdin-berdin beheratuak, erabiliak eta zanpatuak izango zirenik. Isilduak ere bai, inguruko itxurakeria eta konplizitate sarean harrapatuta. Baina ondo pentsatzen jarrita, zergatik ez, zinema negozioa baldin bada, beste edozein negozioren ezaugarri berekin, zenbait gizonezko boteretsuk gidatuta, erabakita, maneiatuta, eta haien mendeko guztiak, mehatxuak eta izua tarteko, arau jakin batzuen arabera jokaraztera behartuta, besteak beste enpresa barruko sexu-jazarleei ez ikusiarena eginez edota zuzenean haien ekintzak ezkutatuz.

Azken boladan, Hollywoodeko oinarriak dardara batean daude, bertakoak ari zaizkio tripak ateratzen eta ustelkeria (soldata-arrailak, sexu-indarkeria, eta abar) mundu osoari erakusten, sexismo basatiari dagokionez inoiz ez bezalako erreakzioak agertzen eta neurriak hartzen. Amerikarrak eurak! Eta nik pozarren pentsatzen dut pantailatik kanpo dena perfektua dela antzezteari uzte horrek segida izango duela munduan barrena, atzera itzultzeko modurik gabe, eta aurrerantzean inongo emakume ezingo dela konbentzitu, arlo honetan edo hartan sar ez dadin, emakumeak ondo izorratuta egongo garela esanez.