Iñigo Santxo Uriarte
Abokatua. Erabakizaleak – Juristas por el Derecho a Decidir taldeko kidea
GAURKOA

9 urteko zorra kitatzeko unea

Badirudi atzo bertan izan zela, baina 9 urte igaro dira Eusko Legebiltzarrak onartutako Kontsulta Legea medio, geure Erkidegoko adin nagusiko herritar guztiak herri kontsulta baterako deitu gintuztela 2008ko urriaren 25erako. Lehendakaritzatik kontsulta hura egin egingo zela, behin eta berriro esan ziguten arren, Auzitegi Konstituzionalak Euskadiko herritarren subiranotasunari muzin eginez, kontsulta baliogabetu zuen, eta, unea helduta, ez zen gauzatu.

Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena bezala, autogobernua eguneratzeari begira sustatutako ekimen legegile hau, lehendakariarengan pertsonalizatu bazen ere, iruditzen zait garrantzitsua dela azpimarratzea, Konstituzionalak baliogabetu zuen araua ez zela pertsona bakar batek sortutako ekimena, geure Erkidegoko instituzio gorenean zeuden herri-ordezkarien gehiengo absolutuak, dagozkion prozedurak baliatuz, sortutako Lege bat baizik, indarreko marko juridikoan geure autogobernurako gaitasuna, edo gaitasun gabezia, agerian utziz.

Gure Erkidegoaren autogobernuaz hitz egiteko, atzera jo behar dugu ezinbestean. 1936ko urrian, gerraren atarian, eta egoera baliatuz, presaka onartu zen Euskadiko Estatutua, eta horren ondorioz entitate juridiko politiko bat sortu zen, batetik hiru lurraldeen eta Udalen konpetentziak eskuratu zituena, eta bestetik, estatu bati dagozkion eskuduntzak egikaritu zituena, eta horrela, esaterako, Euskal Selekzioak aritu ahal izan zuen, euskal txanpon eta billeteak sortu eta zirkulazioan ipini zituzten, baita pasaporteak ere. Jaurlaritzak Euskal Justizia Administrazioa ere, ipini zuen martxan.

Oso mugatua izan bazen ere, gure gurasoek, nolabait, nazioartean euren euskaltasuna erakusteko aukera izan zuten.

Nazioarteko proiekzioa izan zezakeen formula juridikoa, indarrez kendu ziguten, baina Madrileko Gobernu kolpistak ez zuen lortu geure burujabetasun gogoa desagerraraztea.

Horrela, zenbait hamarkada geroago, eta diktadura baten pean bazen ere, Francoren garaian egindako erreferendumetan (Estatuburuaren Ondorengotzarako Legearena, eta Estatuaren Legearenean) euskal abertzaletasunak agerian utzi zuen bere eragina.

Gure Erkidegoari dagokiola, Franco hil eta ostean bi kontsulta izan ziren azpimarragarriak. Lehendabizikoan, gerraosteko belaunaldiak Konstituzioaren gainean bozkatzerik izan zuen. Azpimarragarria da arau horrek Euskadin, erroldaren %30,86ko babesa soilik izan zuen arren, testu hura ezarri egin zigutela, ondorio guztietarako. Urtebete geroago, Estatutua bozkatu zen, eta Lege Organiko horren alde Euskadiko herritarren %53,12k eman zuen botoa, berau onetsiz.

1978ko Estatutuari dagokiola, oso deigarria da, “Konstituzionaltasun Blokea”-ren parte izan arren, indarrean sartu zenetik 39 urte igarota oraindik ez dela guztiz garatu, eta okerragoa dena: arautzen dituen eskuduntzen interpretazioa beti egoten da Auzitegi Konstituzionalaren iritziaren baitan, zenbait kasutan esklusiboak diren eskuduntzak asko murriztu dituelarik (asko badira ere, kirola aipa daiteke, euskal kirol selekzioak, tarteko, duen, edo izan dezakeen nazioarteko proiekzioarengatik).

Euskadin izan zuen babes eskasaz gain, esan beharra dago Konstituzioa aurreko belaunaldi baten araua izan zela. Hori berresteko datu anekdotiko gisa, esan dezakegu Iñigo Urkulluk berak ez zuela bere gainean bozkatzerik izan, oraindik adin txikikoa zelako.

Gauzak horrela, geure autogobernu asmoak gauzatzeko, onar dezakegu Konstituzioa, edo Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaz egiten dituen interpretazioek osa dezaketela gainditu ezineko sabai bat?

Alor horretan eta geure historia garaikidean bi adibide ditugu, arrazoi desberdinengatik porrot kolektibo mingarriak izan direnak, baina ikasgai garrantzitsuak utzi dizkigutenak.

Estatuarekiko harremana gaurkotzeari begira, 2001ean, Legebiltzarrak Autogobernu Batzordea eratu zuen. Batzorde horren irizpenean jasotzen zen garai hartan pendiente zeuden 37 eskuduntza aldebakarreko eran eskuratzea.

Batzorde haren lanak abiapuntu hartuta, lehendakariak 2003ko urriaren 25ean, Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena aurkeztu zuen, eta Legebiltzarrean botoen gehiengo absolutua lortu eta gero, Madrileko Kongresuaren hormaren kontra egin zuen talka; 2005eko otsailaren 1ean egin zen bozketan, gehiengo absolutuz erabaki baitzuten bere izapidetzea ez onartzea (313 boto kontra, 29 alde eta 2 abstentzio).

Bigarrena Auzitegi Konstituzionalaren epaia, 103/2008ko, irailaren 11koa, hasieran aipatu dugun Kontsulta Legea baliogabetu zuena.

Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamenak, lehenengoz islatu zuen erabakitzeko eskubidea testu juridiko batean. Denboraren poderioz, printzipio demokratiko horren positibatzeak eragin zuen lehen zeuden korronte politikoekin batera (independentismoa, autonomismoa, unionismoa) elkarbizitzan korronte berri bat sortzea: “dezisionismoa”, herriak, subjektu gisa hartuta, honelako gai garrantzitsuetan demokrazia zuzenaren aplikazioa gauzatzea bilatzen duena, herrian bertan dauden iritzi desberdinei adierazteko bide emanez.

Gure herrian gatazka armatu batetik gentozen, edo gatoz, zauri asko oraindik irekita daude, eta beste asko orbaindu gabe. Horrez gain, lerrokatze politiko gogorrak, agerikoak, eta zenbaitetan aurkatuak izanik, erabakitzeko eskubidearen garapenak ez du bide errazik izan eragin transbertsala izateko, baina, halere, pozik esan dezakegu oso hein handian lortu duela.

Dezisionismoa hasieratik sektore independentistengandik elikatu da. Ez da erraza izan zenbait pertsona independentista dezisionismora erakartzea, baina heldu, asko izan dira heldu direnak, asko izan gara erabakitzeko eskubidearen printzipio demokratikoa aintzat hartuta, dezisionismora heldu garenak.

Irudi berriak erabiltzeaz gain, zehaztugabeko mezuak landu ditu, eta horrela esparru oso bat eratu eta trinkotu da, eta, inkesta guztiek azpimarratzen duten eran, geure Erkidegoan %60tiko gorakoa da, estatusaz erabakitzeko kontsultatua izan nahi duen herritarren kopurua.

Gurean herri mugimendu dezisionistak eskubidearen aldeko pedagogia soziala, sentsibilizazioa eta herri kontsultak sustatzen segitzen duen honetan, Katalunian, euren erakundeen subiranotasunari helduz erabakitzeko eskubidea egikaritu dute. Eta horrek, Estatuaren aldetik oso erantzun bortitza ekarri du, autonomia suspenditzeaz gain, ondorio larriagoak eragingo baititu.

Beste era batera ezin zen izan, eta, hala, jokaera horrek geure herrian erreakzio ugari eta elkartasun oldea ekarri ditu. Baina erantzunak Kataluniarekiko elkartasun keinu testimonialetara mugatzeak kezka bat zabaldu du zenbait sektoretan.

Benetan ekarpen eraginkorra egin nahi baldin badugu une erabakigarri honetan, dezisionismoak, sustatzen dituen jarduera pedagogiko guztiekin batera, mezua argitu beharko luke: zer eskatzen duen (izen absolutua), eta nori eskatzen dion (datiboa) zehaztu. “Votarem”-etik, “Bozkatuko dugu”-ra igaro, eta, geure instituzioen subiranotasuna aintzat hartuz, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari interpelazio zuzena egin, bizi guztian Espainiarengandik deslotzeko izan ez dugun aukera baliatu, eta, erabateko efektu juridikoekin, dagokion herri kontsultan galdera egin diezaguten. 2008ko urriaren 25ean egin ez genuena, 2018ko urriaren 25ean egin ahal izan dezagun.