Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Hitzen aurretik, egintzak

Zalantza egiten dut Qufuko hilobian Konfuzioren gorpuzkiak pozez zirraratuko ote ziren Beijingeko erritualarekin. Aspalditik Txinako Alderdi Komunistaren Kongresuak errito direla esatea ez da gehiegizkoa, nik uste, eta arestian egin den hemeretzigarrenak iraganeko edozeinek baino gehiago eduki du horretatik. Hala ere, jasotasun gutxiegikoa irudituko litzaioke, agian, Herriaren Areto Nagusiko erritoa Kong maisuari... Xi Jinping idazkari orokorraren 32.000 karaktereko txosten nagusia irakurri eta bere testuinguruan ulertuko balu, ordea, pozik sentituko litzateke Konfuzio seguruenera, itzultzaileen ernegamendu edo entretenimendurako Xik erabili omen dituen esakunetako batzuk gorabehera. Esango luke: «Hara hemen nik orain dela 2.500 urte esandakoa gogoan duen bat: ‘gizon iaioak, esan baino lehen egintza bihurtzen ditu bere hitzak, eta gero bere egintzen arabera hitz egiten du’. Badakielako hurrengoa: ‘apaltasunik gabe hitz egiten duenari kosta egiten zaio bere hitzak betetzea’».

Xik “Konfuzioren analektak” baino askoz hobeto “Maoren aipuak” ezagutzen dituela ziur nagoen arren, uste dut haren txostena («aspaldian Txinan argitaratu den dokumentu politikorik garrantzitsuena», esan du norbaitek) zuzen ulertzeko gako funtsezkoa eskaintzen dutela klasikoaren gogoetek. Exegesi hoberik ezean, niri bururatzen zaidana behintzat hauxe delako: esaten ez den zerbait lortzeko, plan osoa, handia, luzea, Txinako eskalakoa aurkeztu du Xik. Bi fasetan berezitua (2020tik 2035era lehena, ondorengo hamabost urteetan bigarrena). Maoren garaietatik ez zen horrelakorik ikusten.

Zer den esaten ez dena? Horren guztiaren helburua, noski. Aise asma daitekeena, nolanahi ere. Txina munduko lehen potentzia bihurtzea da xedea. 2035erako ekonomikoki, eta 2050erako osoro. Horretarako, Konfuzioren esanera, arrandiarik ez, eta, Sun Tzuri kasu eginez, hoberena lortzeko okerrenerako prestatu. Txostenaren atal militarra lekuko.