Jon LEUNDA
Aizkora

Saralegik lortu du Bigarren Mailako Euskal Herrikoa

Xabier Zaldua sailkatu zen bigarren eta, beraz, Zumarragako aizkolaria ere Lehen Mailara igoko da.

Ruben Saralegik irabazi zuen atzo Azkoitian jokatu zen Euskal Herriko Bigarren Mailako finala, eta berarekin batera Xabier Zalduak lortu zuen datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.

Jendeak finala ona izango zen errezeloa zuen, eta aurreikuspenak bete ziren, oso final polita izan baitzen. Batez ere bigarren posturako izan zen borrokarik handiena, hor minutu erdian hiru aizkolari sartu baitziren.

Ruben Saralegik galdutako maila berreskuratu zuen atzo. Faboritoen artean zegoen nafar gaztea, eta ez zuen hutsik egin. Apurka gorantz egin zuen, eta amaierarako ia minutu bateko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Zalduari. Oinbikoetara arte ia denak bateratsu joan ziren, eta Rubenek hor eman zuen pauso bat aurrera eta garaipena ere ia hortxe erabaki zuen. Txapela eta onenekin lehiatzeko txartela; sari bikotza izan zuen atzokoan Rubenek.

Bigarren posturako lehiak piztu zuen ikusmina. Zalduak amaiera aldera izan zuen adar bat, Mujikak ere izan zuen, eta Mindegia, berriz, dezente nahastuta aritu zen une batez, epaiak itxita denbora eder bat galdu baitzuen. Behin lehen postua seguru samar ikusten zenean, bigarren postu horretarako zegoen ikusmina, eta azkenean Xabier Zalduak lortu zuen, eta horrekin, baita Lehen Mailan aritzeko baimena ere; Zumarragakoa, gainera, aurreneko aldiz jardungo da onenekin.

Azkenengo postuan ez geratzeko ere dema polita izan zuten Mugertza III.ak eta Kañamares III.ak, eta amaieran mutrikuarrak lortu zuen bosgarren postua, eta Aroztegikoak itxi zuen sailkapena. Lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 59 segundo behar izan zituen Ruben Saralegik. Atzetik, Xabier Zaldua (20.53), Jexuxmari Mujika (21.14), Mieltxo Mindegia (21.28), Mugertza III.a (23.17) eta Kañamares III.a (23.36) sailkatu ziren.

Hemendik bi astera Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatuko da, eta hango bi onenak datorren urtean Bigarren Mailan arituko dira. Aldatzen jokatuko da aipaturiko finala.