Amatxok sabelean umea
Liburuaren azalean bertan ageri zaizkigu album honen nondik norakoak azaltzen dizkiguten pistak. Izenburuak alde batetik nahiko argi adierazten du «gehiago izango garela» eta bestetik ilustrazioak nabarmen uzten du nortzuk izango diren gehiago; untxi familiakoak, alegia, albistearekin pozik dauden untxiak.
Untxi txikiak amaren sabel handitua ikustean zera galdetzen dio: «Ama, zer daukazu sabelean?» eta ume bat duela jakitean, berehala hasten dira Untxi txikiaren kezkak, larritasunak, jakin-nahiak; «Eta noiz jaioko da?».
Galdera horretatik abiatuta liburuko egileek jolas bat proposatzen digute; Untxi txikiak basoko hainbat animaliari galdetuko die ea badakiten noiz jaioko den bere anaia; horrela okilak «harentzat egiten ari naizen sehaska hau bukatzen dudanean» erantzungo dio; urtxintxak, berriz, «harentzat egiten ari naizen jostailu hauek bukatzen ditudanean»; hartzak «negua joan eta neure loalditik esnatzen naizenean»; eta horrela hainbat animaliak erantzungo diote Untxi txikiari. Animalia hauetako bakoitzarekin egon ondoren Untxi txikiak imajinatzen du zer jolas eta zenbat gauza egingo dituen gehiago direnean, eta amarengana doa behin eta berriro galdetzeko ea oinak ikus ditzakeen (amak oinak ezin ikusten dituenen jaioko dela esan baitzion).
Egitura errepikakorra dauka albumak, ipuin herrikoien moduan; sinplea eta ikusi ahal izan dugun moduan oso antzeko esaldiak behin eta berriro erabiliz, aldaketa txikiak, animalia bakoitzak bereak, sartuz. Horrek guztiak, gainera, istorioa ulertzen lagunduko digu. Bai eta Marc Taegerren irudi koloretsu eta itxuraz sinpleek.
Erditzea tokatzen dela jakinarazteko, animalia guztiek esandakoa bete dela adierazten zaigu: «ardiak jantzia bukatu zuenean, hartza kuluxkatik esnatu zenean, urtxintxak jostailuak amaitu zituenean…» amak Untxi txikiari esango dio oinak «dagoeneko ezin ditut ikusi!» eta kontakizunaren amaierara iritsiko gara, Untxi txikia anai-arrebez inguraturik, pozik eta irribarretsu –ama bezala– «gehiago garenean» gauza asko egingo dituztelako elkarrekin.
Protagonistak animaliak izateak distantzia bat markatzen du gure eguneroko errealitatearekin, fantasiaren mundura hurbiltzen, animaliak elkarrekin ongi moldatzen diren gizarte baten islara eramaten; eta pertsonifikazio horrek, protagonistak ondo moldatzea eta “atseginak” izateak, lagundu egiten du mezua haurrengana iristen.
Izan ere, neba-arreba baten etorrera oso modu ezberdinetan ikus daiteke, beldur eta bakartze sentimenduz, esaterako. Eta sentimendu eta sentsazio horiek islatzen dituzten liburu asko dauzkagu gure artean, tronutik jaurtikiak izan diren printze-printzesez beteak; oraingo honek, ordea, ikuspegi positibo batetik bideratzen du egoera hori.
Gehiago garenean gauza asko egingo ditugulako. Asko jolastuko gara, elkarrekin dibertituko gara, elur pilotak botako dizkiogu elkarri, goitibeheretan jaitsi… Hori eta askoz gauza gehiago egingo ditugu gehiago garenean.