J.L.
KOPA

Alberdik eta Saralegik final-laurdenetako txartela izango dute jokoan

Julen Alberdik eta Ruben Saralegik kanporaketa oso erakargarria jokatuko dute bihar eguerdian, 12.00etan, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Urrezko Aizkorako Kopako final-zortzirenetako kanporaketan lehiatuko dira, eta irabazten duenak final-laurdenak jokatu ahal izango ditu, eta galtzen duenak etxerako bidea hartu beharko du.

Biak datoz kanporaketa bat gaindituta. Alberdik, Lopez utzi zuen bazterrean, eta Saralegik, berriz, Kañamares III.a. Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu beharko ditu.

Azkoitian bertan Gabonetako harri-jasotze Kopako kanporaketa ere jokatuko da. Goikoetxe eta Mateo lehiatuko dira. Kirolari bakoitzak, 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, bina minutuko txandak izango dituzte.

Bestalde, gaur, Fikan, promozio mailako txapelketa jokatuko da 12.00etatik aurrera, bai harri-jasotzen eta bai trontzan. Harri-jasotzen, Martinez, Sanchez eta De la Calle lehiatuko dira nesketan, eta mutiletan, berriz, Amade, Ardeo, Cordero, Rubio, Jimenez, Scott, Merlo eta Martinez. Trontzan, aldiz, bost bikote misto lehiatuko dira.

Honi buruzko guztia: KOPA