Patxi GAZTELUMENDI

ZUMETATARREN LANTOKI KUTTUNA

Usurbilgo Txikierdi auzoan, errepide nagusitik aldapan gora joanda dago zumetatarren lantokia. Hiru kubok osatzen dute Uxoa Zumetaren serigrafia tailerra, Jose Luis Zumeta margolariaren estudioa eta goialdean prestatu duten galeria. Bertara hurbildu eta arteaz mintzatu gara Uxoarekin.

Jose Luis Zumeta margolariaren aspaldiko proiektua da hau, baina bere alabaren eskutik ikusi du argia 40 urte geroago. 70eko hamarkadan zeramikazko muralak egiten hasi zen ezagutzera ematen Zumeta. Enkarguak jaso zituen batetik eta bestetik. Laboralak enkargu handi batzuk egin zizkiola-eta lur batzuk erosi zituen Usurbilen. Asmoa zuen labea eta estudioa prestatzea. Lurrak mugitu, zuhaitzak landatu eta proiektuari ekin zion. Enkargu hura erori egin zen, eta behar zituen diruak ez ziren heldu. Eta lurra saldu behar izan zuen. Zuhaitzak han geratu ziren landatuta.

Duela zenbait urtera arte Uxoa Zumetak bere serigrafiak etxean prestatzen zituen. Arte Ederrak ikasi, Artelekun serigrafia tailer batean txunditu eta geroztik artista askoren serigrafiak egiten ditu. Duela urte batzuk berriro lursaila eskuratzeko aukera ikusi zuen, eta horrek animatu zuen Jose Luis Zumeta ere garai bateko ametsean murgiltzera. Haritzak handi daude orain zumetatarrenean. Denbora ez da alferrik igaro. Jose Luis Zumetak ez ditu garai bateko muralak egiten, baina neurri ezberdinetako bere artelanak ezagunak dira mundu osoan. Haren serigrafiak egiten aritzen da Uxoa tailerrean. Eta beste artista askorenak. Orain lanlekua ez ezik, erakusketa gela ere atondu dute beren tailer eta estudioaren gainean.

Serigrafia tailerra

Usurbilgo bere eraikin berrian lanean harrapatu dugu Uxoa. Serigrafiak egiten ditu. Banaka-banaka artista askorenak. Teknika berezia da serigrafiarena, artista baten lana, koloreka banatu eta argiaz baliatuz geruzaka tinta eginez serigrafia lortzen da. Normalean 200 kopia egiten dira. Eskuz adierazten da bakoitzaren zenbakia eta artistek saldu, banatu edo oparitu egiten dituzte. «Gutxienez 40ko tirada egiten dugu beti», zehaztu digu Uxoak tailerreko tresnak erakutsi bitarte. Eta bere tailerretik artista askoren lanak egiten dituela adierazi jarraian. «Ni aitarenak egiten hasi nintzen, berak animatu ninduelako lanbide hau hartzera, baina egiten ditut Koldobika Jauregirenak, Goenagarenak, Judas Arrieta edo Ortiz de Elgearenak ere». Artista ezagunak guzti-guztiak. Belaunaldi berriekin ere ari da lanean. «Oso pozik nago Blami edo Juan Txillidarenak egin ditudalako, baina ilusio berezia egin dit Udane Juaristirekin lanean hasteak, gaztea da bera eta poz-pozik nago».

Eraikin berri-berria da zumetatarrena. Eta xehetasun guztiak azaltzen saiatzen da Uxoa bera. Behealdean daude bi lantokiak. Errepidetik hurbilen dago Jose Luis Zumetarena, eta barnealdean berriz Uxoa Zumetarena. Uxoarenak leiho oso handiak ditu, eta argi naturala sartzen da nahi beste. Jose Luisenak, ordea, ez du argirik jasotzen. «Oso aldakorra da hemen eguraldia, batzuetan argi asko eta besteetan gutxi. Eta aitak nahiago izaten du argi artifizialarekin lan egin, ziurtatzen baitu beti argi bera dela». Berak, ordea, argiarekin lan egiten du, baina serigrafiak egiteko tresna bakoitzak ematen dionarekin. Eta gozatu egiten du leihotik ikusten ahal duen paisaiarekin. Eta serigrafiak lantzean, «nire tramankuluek badute behar duten argia emultsio fotosentsiblea egin eta errebelatua gauzatzeko». Horregatik leiho oso handiak ditu alderik alde. Eta begira geratu gara.

Tartean bere lanak ikusi ditugu. Serigrafia handi eta txikiak. Oso ezagunak zaizkigun artistenak dira gehienak. Zumetarenak asko egin ditu. Ortiz de Elgearekin edo Goenagarekin ere lan asko egiten duela esan digu. Dora Salazarren lan batzuei erreparatu diegu gero. Eta banan-banan erakusteko moduan ditu guztiak. Eta gero armairuetako kajoi oso zabaletan ateratzen ditu erakusteko lan bakoitzaren gainean egindako kopiak.

«Ni ez naiz artista sentitzen», bota digu. Eta ez dugu bere adierazpena ulertu. «Nola ezetz?», galdetu eta artistak besteak direla bota digu. «Ni izatekotan artisaua naiz, artisten lanak hartu, koloreka deskonposatu eta beraien erabaki eta gustuen gainean lan egiten duena, beraiek nahi duten emaitza lortzeko». Oso argi adierazi digu. Eta guk txundituta jarraitu dugu bertako artelanak ikusten. Sinatuta daude lanak. Artistek sinatzen dituzte. Eta Uxoak prestatzen dituen kutxa berezietan doa bere egiletza. Baina serigrafietan ez da ikusten lan hori nork egin duen, artistarena da egiletza guztia.

Zumetaren lantoki berria

Jose Luis Zumetak Usurbiletik Gaintzara egin zuen aspaldi. Batean eta bestean saldutako koadroekin Gaintzako errota atondu zuen Nafarroako Araitz bailaran. Neurri handiko koadroak egiteko guztiz toki aproposa zuen Zumetak. Eta luzaroan koadro itzelak egin zituen Gaintzan, eta Euskal Herriko azoka ezberdinetan zein nazioartean erakusteko aukera izan du. Uxoak baina, lan txikitxoagoak ere erakutsi dizkigu. Zumeta sinadura daramaten akuarelak.

«Hauek Argentinan egiten ditu, hemengo negua han eman eta maletan sartzeko moduko lanak prestatzen ditu». Sorta koloretsu anitz erakutsi dizkigu Zumetarenak. Eta horietako batzuekin serigrafia sortak egin ditu gero alabak.

Zoruan ere Zumetarenak diren obrak daude. Estudiora hurbilduta ikusiko dituzunak. Kolore bizi-biziak lurrean. Aurpegitxoak. Txoriak ematen duten irudi modukoak. Eta hormetan koadroak. Bukatutakoak, landu berriak. Aspaldikoagoak. Asko. Eta guztiak Zumetarenak. Proiektu berriei ere heldu nahi die Jose Luis Zumetak. Alabak ere ondo ez dakien proiektuak. Eta Usurbilen lantzen ari dena. Gertu, oso gertu. Batez ere alabarengandik. «Niretzat orain errazagoa da; lan bat egin behar dudanean ondoan daukat aita, ez dut Gaintzaraino joan behar probak erakustera, orain eskuz esku egiten dugu lana ia», bota digu pozik. Eta bertara etortzen zaizkio artistak bisitan ere. Lantoki ederra prestatu du. Tokia dago egoteko, ikusteko, lan egiteko, gozatzeko. Eta horrez gain, gainean erakustoki aparta prestatu dute. Guk ere gora egin dugu, zumetatarren galeriara.

Horma zurien gainean Zumetaren koadroak. Sailak. Tailerra eta erakustokia ireki zutenetik zintzilik daudenak. Ikusgai. Bisitak egiteko prestatutako tokian. Koadroak erosi eta tratuak egiteko leku paregabean. Serigrafiak ikusi eta eskuratzeko moduan. Eta horrez gain bestelako kultur ekimenak egiteko ere aproposa. Pirritx eta Porrotxek berton aurkeztu dute bere lan berria, Zumetaren irudiak ere badituena. Joseba Tapiak “Besamotzak” lanaren berri jendaurrean emateko baliatu du. Artelanen artean, artistaz inguraturik. Zumetatarren lantokian. Usurbil gainean. Duela lau hamarkada landatutako haritzen aldamenean.