Jon LEUNDA
Aizkora

Vicente da Nafarroakoa irabazteko faborito nagusia

Rekondo, Mindegia, Saralegi eta Etxeberria ere arituko dira Doneztebeko finalean, 18.00etan hasita.

Gazte jendeak erabateko protagonismoa izango du gaur 18.00etatik aurrera Doneztebeko pilotalekuan jokatuko den Nafarroako Lehen Mailako finalean, eta denetan gazteena, Iker Vicente, izango da faboritoa.

Iker Vicenterekin batera, Jon Rekondo, Mieltxo Mindegia, Ruben Saralegi eta Joxean Etxeberria izango dira lehiatuko diren aizkolariak. Bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Gipuzkoako maila nagusiko finaletan izaten den lan bera da, eta Euskal Herrikoarekin alderatuta, bi oinbiko gutxiago izango dituzte gaurkoan.

Iker Vicente izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Sasoi betean dago. Nahiz eta oraindik oso gaztea den, jadanik bera da txapelduna, eta gainerakoek zaila izango dute berari gaurkoan txapela kentzea. Jon Rekondo izango da finalisten artean eskarmenturik handiena duena, nahiz eta oraindik bera ere gaztea den. Leitzako aizkolariak badaki lehen postu hori lortzea zaila izango duela, baina bigarren postu horretatik, behintzat, ez du jaitsi nahi. Ruben Saralegi ere oso kontuan hartu beharko da. Euskal Herriko Bigarren Mailakoa irabazi berria da, eta pasa den astean Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketan ere erakutsi zuen oso ongi zegoela, eta saiatuko da aurreneko postu horietan sartzen.

Mindegiarentzat eta Etxeberriarentzat lehen finala izango da maila nagusian. Mieltxo adinez helduagoa da, eta hori bere mesedetarako izan daiteke. Bestalde, Etxeberria ere oso gaztea da, baina abenduaren amaieran ere badauka apustu bat eta jadanik sasoi oso onean egongo da. Ikusmina piztu du, eta gazte jende asko ere espero da. Aizkolari bakoitzak bere zaleak eramango ditu, eta ez da animazio eta giro faltarik izango. Sarrerak 15 euroko prezioa izango du, eta gaurko jaialdia osatzeko Aimar Irigoien arituko da harriak jasotzen.