Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Po-li-ti-ko-ak

Bagoaz, Etxerat eta Sarek Estatu frantsesean euskal presoak dauden espetxeetara abiatutako tour bereziaren karietara, Mont-de-Marsanekora bidean gindoazela, askotan izandako burutazioak errepikatu zitzaizkidan. Zenbat kilometro, zenbat urte sakabanaketa malapartatua salatuz, zenbat mobilizazio, eskaera, mozio, gose greba, adierazpen eta oihu, presoen bizi-baldintza duinen eta dagozkien eskubideen errespetua exijituz...

Euskal Herrian, zoritxarrez, aspalditik ezagutzen dugun egoera «ohiko» (hori ere, zoritxarrez) bilakatu da askorentzat. Orain Katalunian zenbait ordezkari politiko eta sozial patu bertsua ezagutzen hasi dira (hirugarrengoz, zoritxarrez) eta, gizarte katalanetik harago, jende asko asaldatu da Estatu espainiarraren atrebentziaren aurrean (gogoratzen «ausartuko ez ginela uste al zuten» esaldi famatu hura?). Are, orain preso politikoak daudela diote.

Eta autobuseko urruma eta triki-trakaren altzoan, burura etorri zitzaizkidan, esaterako, Segura, Jarrai-Haika-Segi, Askatasuna, Askapena, Egunkaria… aferetan espetxearen halabeharra pairatu eta pairatzen ari diren dozenaka herritarrak. Horiek ez al dira preso politikoak, orduan? Hamabi urteko kondena egunez egun beteta, datozen asteetan irtengo dira Txema Matanzas lehenik eta urtarrilaren 4an Joxean Etxeberria, 18/98 sumarioko azken bi presoak. Horiek ere ez al dira politikoak?

Mont-de-Marsaneko espetxe berri eta «modernora» (halere, espetxea espetxe) iritsi ginen. Euskal Herritik gertuen dagoen presondegia izaki, han elkartzea eskatu diote Parisi euskal preso politikoek. Politikoak? Zalantzarik gabe, bai. Ez beraiek diotelako soilik. Egin dutena gorabehera, argi dagoelako arrazoi politiko sakonak direla-eta daudela preso, orain katalanak dauden bezala, hots, Estatuan indarrean dagoen sistematik alde egiten saiatzeagatik.

Jose Jabier Oses, Landetako kartzelan egun dagoen euskal preso bakarraren aitak, argi asko laburbildu zuen ate handiaren aitzinean: «Bera bakarrik ez, denek hor izan behar dutela esan dit. Badakizu, militanteak dira». Ba, horixe bera.