H. L. A.
Bodyboard

Odriozola eta Atxegarentzat Zumaiako txapela, eta Urangarentzat Europakoa

Asteburuan Zumaian egin zen Europako txapelketa Alex Odriozolak (Open) eta Mikel Atxegak (Junior) irabazi zuten. Alex Urangak Europako titulua eskuratu du.

Ikuskizun ederra eta maila altua izan ziren nagusi Zumaia Bodyboard Pro Europako lehiaketan. Mikel Atxega oriotarrak irabazi zuen Junior kategoriako txapela, eta kategoria irekian, berriz, Alex Odriozola zumaiarra izan zen garailea. Zumaian bigarren postuan geratu arren, Alex Urangak 2017ko titulu europarra irabaztea lortu zuen.

Antolakuntza mailan, aurtengo txapelketak, aurreko edizioekin alderatuta (2013, 2014 eta 2016), bi bereizgarri nagusi izan ditu. Lehen aldiz babesle nagusi bat izan du txapelketak, eta lehen aldiz, Europako Junior txapelketa egin dute.

Zumaiarrak nagusi

Bai Open eta bai Junior kategorian, hiru txapelketek osatzen zuten aurtengo Europako Bodyboard itzulia, eta bi zirkuituetako azken probak Zumaian jokatu ziren pasa den asteburuan. Ostiralean hasi zuten txapelketa, larunbatean baldintza eskasak zirenez atseden hartu zuten, eta igandean egin zituzten bi kategorietako finalak.

Portugaldik etorritako lehiakide esanguratsu asko izan arren, bertakoak nagusitu ziren Itzurunen. Izan ere, Open kategoriako lehen postuak hiru zumaiarrentzat izan ziren. Lehena, Alex Odriozolarentzat, bigarrena Alex Urangarentzat, eta hirugarrena, Andoni Izagarentzat. Laugarren postuan berriz, Yon Aimar angeluarra geratu zen.

Junior kategorian Mikel Atxega oriotarra izan zen garaile, eta bigarren postuan, Yon Aimar angeluarra geratu zen. Hirugarren eta laugarren postuak Miguel Ferreira eta Jacinto Pascoal portugaldarrentzat izan ziren.

Babesleak, Junior eta Europa

Guztira, 30 lehiakide izan ziren Open kategorian, eta Junior kategorian ostera, dozena bat izan ziren parte hartu zutenak. Gazteen kategorian ez da diru saririk izaten, baina kategoria irekian 5.000 euro banatu zituzten saritan. Hau posible izan zen, ohiko laguntzez gain, lehen aldiz marka pribatu batek (Hot Buttered) txapelketaren finantzaketa bere gain hartu zuelako.

Aurten ez da nesken txapelketarik izan, izan ere, Joana Schenger portugaldarrak jada Europako titulua irabazia zuenez, lehiaketak indarra galduko zuela adierazi zieten Europako arduradunek Zumaiako antolatzaileei. Horregatik erabaki zuten Junior txapelketa egitea.

Schengerrekin batera, 2017ko Europako Bodyboard titulua eskuratu duena Alex Uranga izan da. Zumaiarrak gainera, iaz ere irabazi zuen Europako txapela. Junior kategorian berriz, Rodrigo Lopes portugaldarra da Europako aurtengo txapelduna.