Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Ibiak

Ibai eta errekak nondik igaro jakitea, ibiak aurkitzea, oso informazio garrantzitsua zen garai bateko gizakiarentzat. Euskarazko leku izenek horren lekukotza eskaintzen digute: Zaldibia, Ibinarriaga, Urdanibia... Paisaia irakurtzen, piztien ibilbideei jarraitzen eta ibaiaz bestaldekoei entzuten ikasi behar zen ibiak aurkitzeko. Gero teknologia heldu zen eta zurezko ibi edo zu(ri)biak eraikitzen hasi ginen. Teknologiak ibaia guk nahi genuen lekutik zeharkatzeko baimena eman zigun eta piztien ibilbideei zein bestaldekoen esanei erreparatzeari utzi genion.

Euskal gizartean sekula ez da erraza izan zubiak eraikitzea. Bandoetan banatutako herri bat izan gara, irauten digun elkartzeko ezintasun patologikoa. Psikiatra ospetsu bati entzun nion behin horren atzean Erdi Aroko pentsamenduak oraindik ere euskaldunongan duen eragin izugarria dagoela. Baserriaren helburua autarkia ekonomikoa zen, autosufizientziara ahalik eta gehien hurbiltzea. XX. mendera arte gatza eta olioa ziren kantauriar isurialdeko etxe askotan derrigorrezko truke kontsideratzen ziren produktu bakarrak. Helburua etxekoak ez zirenen eta horiek zeukatenaren beharrizana minimora murriztea zen. Pentsaera horretatik begira, etxetik kanpokoak elkarlana eskaintzearen arrazoi posible bakarrak bere kabuz moldatu ezina edo amarru egin nahi izatea dira. Gainera, norbere etxean ere ahultasun adierazle edo traizio legez uler zezaketen elkarlan bila kanpora jotzea. Ondorioa, inor asebetetzen ez duen eta estatuen aurrean jendarte ahul bihurtzen gaituen egoera kronikoki gatazkatsua.

Zubiak suntsitzeak boteretsu sentiarazi izan gaituen herri honetan ibiak aurkitzen berrikastea hasiera berri bat litzateke. Baina ez gaitezen erratu, ibiak ez dira zubiak. Ibaiak nahi duen lekuetan daude, kupo-zoko ilunetan apika, ez guk nahi genukeen lekuan. Errekaz bestaldekoei ezin eska geniezaieke maite ez ditugunen joan-etorria ekiditerik, ibiak, piztiek aurkitu zituztenetik, non dauden dakitenentzat baitaude hor. Hilabete euritsuetan ezin zeharka litezke, garai eguzkitsuetan ere belaunetaraino busti beharra dago, busti nahi ez dutenentzat ez dira existitzen, beldurtientzat arriskutsuak dira... baina bestaldekoengana heltzeko balio dute.