Unai Asurmendi eta Martxel Toledo
EH Bildu
KOLABORAZIOA

Emakumezkoen euskal futbol selekzioa: partidu batetik harago

Gabonak hurbildu heinean, gurean, badirudi euskal selekzio zaletasunak goraka egiten duela, besteak beste, ohituta gaudelako urtero lagunartekoren bat ikustera, gero urte osoan gure neska-mutilez gogoratzen ez bagara ere.

2006an jokatu zuen lehen aldiz emakumezkoek osatutako euskal futbol selekzioak bere partidua Irungo Gal estadioan Argentinaren aurka. Hamaika urte pasatu dira lagunarteko hartatik eta ibilbide labur honetan beste bederatzi partidu jokatzeko aukera izan du, azkenekoa larunbatean Txekiaren aurka, 2-1eko garaipenarekin. Bidean izan dituen aurkariak ere ez dira selekzio arruntak izan, etxean, Argentina, Txile, Eslovakia, Irlanda, Katalunia eta aipatu Txekiaren aurka lehiatu baita eta Argentina, Estonia, Katalunia eta Irlandaren aurka Euskal Herritik kanpo. Partidu guztiak, bat izan ezik, Euskadiko futbol federazioak antolatutakoak izan dira. Salbuespena, berriz, 2012an gertatu zen Anoetako futbol estadioan Eslovakiaren aurka Euskal Herria izenpean jokatutakoa, kasu horretan, EHkirola, Kontseilua eta Esait izan zirelako antolatzaileak.

Gizonezkoen selekzioaren kasuan, berriz, ia berrogei urte pasatu dira trantsizio garaian berragerpena egin zuenetik hona eta bat-beste 34 partidu jokatu ditu. Dakizuen bezala, orain arte ohikoa izan da, 2008-2009an izan ezik, Gabonetan Euskadiko futbol federazioak lagunarteko partidu bat antolatzea, baina aurten, jakin dugunez, abenduan ez du antolatuko eta Jaurlaritzaren babesarekin hiruzpalau hilabete atzeratzeko erabakia hartu du, besteak beste, Gabonetako eredua agortuta omen dagoelako.

Badirudi, iaz San Mamesen gizonezkoen selekzioarekin gertatutako porrotak bultzatu dituela Euskadiko futbol federazioa eta Jaurlaritza erabaki hori hartzera eta, nazioartean ofizialki aritu nahi bada, bidea beste bat ausartagoa izan behar dela onartzera. Bazen garaia! Horregatik diote, hemendik aurrera, helburua FIFAk antolatuta jokatzen diren txapelketako datetan jokatzea dela; horrela, aurkariak bilatzeko aukera gehiago eskaintzeaz gain, nazioartean seriotasun handiagorekin hartuko gintuztelako.

Gaitz erdi hala bada, baina uste dugu soilik data aldaketarekin hori baino ez dela aldatzen eta berdin jarraituko dugula, urratsa baino partxe bat izango litzatekeelako, ofizialtasunaren ibilbidea, datetatik harago, nazio bakoitzak horretarako duen borondate eta gaitasunean dagoelako. Eta hor, ez daukagu hain garbi aipatu bi instituzioetako agintarien borondatea benetakoa den ala itxura egiteko keinua baino ez den. Bestela, non gelditzen da San Mameseko porrotaren ondoren elkarlanean (instituzioak, federazioak, klubak, jokalariak, zaleak, eragileak...) arituko ginela kaleratutako promesa hura? Haizeak eramandako hitzak baino ez dira.

Eusko Jaurlaritzak 2014ko apirilean plazaratutako txosten juridiko batek, besteak beste, dio nazioartean ofizialki aritzeko arazoa ez dela juridikoa politikoa baizik. Oro har bat egonda txosten horren konklusioekin, galdera hau da: urtean behin eta berdin da zein datetan pare bat lagunarteko edo hiru lauko formatuan torneoak antolatzeaz gain, zer gehiago egin dezake(gu) gizonezkoen zein emakumezkoen euskal selekzioak eta ez soilik futbolekoak, baizik eta kirol modalitate guztietakoak, nazioartean ofizialak izan daitezen? Jaurlaritzaren lehentasunen artean, euskal selekzioaren ofizialtasuna zenbatgarrena da? Beste esparru batzuetan (kupoa, AHT eta abar) akordioak gauzatu badira, euskal selekzioaren ofizialtasunean zergatik ez? Noiz arte itxaron behar dugu?

Larunbatean, Eibarren emakumezkoen euskal futbol selekzioak Txekiaren aurka jokatutako partiduan egon ginen eta bertan ikusitakoak hausnarketarako ematen digu, besteak beste, Ipuruara gerturatuko zale kopuruak agerian uzten duelako ez dela nahikoa partidu bat antolatzea eta sarrerak merke jartzea, ez bada aurretik selekzioaren partiduak bere osotasunean herri honentzat duen garrantzia lau haizeetara zabaltzen. Ondorioak bistakoak dira, harmailen hiru laurdenak hutsik gelditu baitziren.

Argi dugu, aldarrikapen zein kirol ikuspegitik begiratuta, nazioartean ofizialtasuna lortzeko, gurean, euskal selekzioak kalean zein harmailetan babes handia duela erakustea garrantzitsua dela. Eta zentzu horretan azken urteetan oso hankamotz gelditzen ari gara. Zergatik ote?

Horregatik uste dugu gaiari adarretik guztion artean heldu behar diogula, ofizialtasuna lortzeko ez baita nahikoa izango FIFA datetan partiduak antolatzea. Gure ustetan, hori baino gehiago eskatzen du; besteak beste, Gobernuaren eta kirol federazioen aldetik borondate eta ausardia handiagoa urratsak egin eta nazioartean eskaera egiteko. Eta horretarako, prest jarraitzen dugu, selekzioak eta herriak merezi dutelako.