J.L.
sokatira

Ezuste oso gutxirekin amaitu da Lauko Goma gaineko Txapelketako ligaxka

Badaiotz, Ibarra A, Beti Gazte, Txantrea A, Ibarra B eta Berriozar dira nesken Lauko Goma gaineko Euskal Herriko Txapelketako finalean izango diren taldeak, 260ko mailan, eta Beti Gazte, Baigorri, Sokarri, Ñapurrak, Berriozar B eta Kaskailueta arituko dira mutilen 300eko mailan.

Herenegun jokatu zen ligaxkako azkeneko jardunaldia eta ez zen emozio faltarik izan. Nesketan, Badaiotz eta Ibarra A berdinduta geratu ziren A multzoan, eta atzetik, Beti Gazte, Txantrea B eta Antsoain sailkatu ziren.

B multzoan, berriz, Txantrea izan zen onena, eta atzetik Ibarra B, Berriozar, Bizindar eta Uztaritze sailkatu ziren.

Mutiletan, ezustea Ibarrak eman zuen, bi talde plazaratu ditu maila honetan, eta bietako inork ez du lortu finalean sartzea. A multzoan, Beti Gazte eta Baigorri berdinduta geratu ziren; eta atzetik, berriz, Sokarri, Ibarra A, Berriozar A, Txantrea eta Getxo sailkatu ziren. B multzoan, berriz. Ñapurrak izan zen onena, eta atzetik, Kaskailueta, Berriozar B, Murueta, Antsoain, Ibarra B eta Uztaritze izan ziren Kortezubiko finalera sailkatu zirenak.

Lasto-botatzeko Euskal Herriko Txapelketan ez zen inongo ezusterik egon, eta Tubik jantzi zuen txapela; bigarren, aldiz, Andde Arbenoitz sailkatu zen. Izan ere, biak ziren faboritoak, eta bien artean egon zen txapela, baina azkenean Tubik eutsi egin zion iaz lortutakoari. Tubi izan zen 6 metroko langa gainditu zuen bakarra.

Kirolari bakoitzak sardearekin hartuta 12 kiloko lasto fardoa erabili zuen eta ahalik eta altuen botatzea izaten da helburua. Lehiakide bakoitzak gehienez ere hiru aukera izaten ditu. Txapeldunak 6 metroko langa gainditu zuen, eta hori izan zen bere marka. Atzetik sailkatu ziren Arbenoitz (5.80 m), Aldasoro (5,70 m), Salcedo (5 m), Lopez (4.80 m), Agirre (4.80 m), Obieta (4.60 m), Ituarte (4,60 m) eta Govarte (4.40 m).