Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Kasu bat besterik ez zirenean

Nevenka ez da erraz ahazten diren izen horietakoa, arraroa-edo delako, ezohikoa. Bere garaian, duela hamazazpi bat urte, zer esan nahi duen bilatu nuen. Jakin nahi nuen izen hori zeraman neska hark, erabat zargalduak, bat egiten ote zuen bere izendapenarekin, izendapenak ohore egiten ote zion nortasunari. Irudikatu nuen ausart, gerlari edo kementsua izango zela hizkuntza atzerritarren batean; ez zen halako ezer, baizik eta baretasunarekin loturiko zerbait… ez dut gogoan.

Berdin dio, Nevenka beti egongo da erlazionatuta laneko kalbarioarekin, beldurrarekin, bakardadearekin, kirioak dantzan bizitzearekin… ehunka «ez» irmo esan ostean, nagusiarengandik sexu-jazarpena jasatearekin. Lotuta egongo da ingurukoen inolako laguntzarik eta are gutxiago babes sozialik gabe bere hiriko alkatea, bien alderdi politiko sendoaren laguntasun osoa atzean zuena, salatzeko ausardia izan zuen neska gazte harekin. Nevenka beti izango da, batez ere, «emakumea naiz eta duintasuna daukat» esanez sexu-jazarpenak izateko beharrezkoak dituen jendartearen isiltasuna, moral bikoitza eta konplizitatea agerian jarri zituena; sexu-jazarpena nolakoa den eta nola egikaritzen den, baita politikaren mundu ustez hain zuzenean eta garbian ere, edonon, itzulingururik gabe azaldu zuena; gaur egun gero eta gehiago emakumeok halako egoeretan isilik egoteari uzteko eta orduan sortzen den borrokan, sozial eta judizialean, oreka psikologikoa ez galtzeko dauden baldintzak eta babesak ezartzen hasteko zerbait egin zuena. Egun finkatzen eta sendotzen ari garen eraso txikienaren aurreko tolerantzia ezaren kultura ez zegoenean, indarkeria matxista gizarte-maila baxuarekin, ezjakintasunarekin, drogekin eta alkoholarekin edota gizonen gaitz mentalekin eta bakarrik horiekin lotzen zenean, kasu bat kasu zehatz hori zenean eta ez zitzaionean begiratzen hura biltzen zuen egitura sozial osoari, hura ahalbidetzen eta are gehiago sustatzen zuen kultura gaixo errotuari, genero-indarkeria eta emakumeon ahalduntzea eta bat erasotzen baduzu guztiok erasotzen gaituzu moduko kontzeptuak ez zirenean gaur direnak, ez zirenean ezer.

Gaur badira, jantziak eta sendoak, eta horren adierazle dabil egunotan Nevenkaren izena hedabideetan. Hamazazpi urte inguruko tartea besterik ez dagoelako “Nevenka kasuaren” eta, adibidez, Weinsteini beldurra izateari utzi dioten emakume guztien artean, orduko emakume bat bere bakardadean eta egungo emakume guztion duintasun babestuaren artean. Hamarkada bi eskas, pentsa hurrengo bietan.