Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Eskerrik asko, Jonan

Eskerrik asko Parisko manifestazioaren ondoren adorez betetako hitzak eskaintzeagatik. Eskerrik asko gizarte zibilari protagonismoa eman dioten horiek, manifestazioak besterik egiten ez omen dituztenak, «itxaropen faltsuak» sortzen ari direla ohartarazteagatik.

Entzun nizunean, pentsatu nuen Gobernu frantsesaren bozeramailea ari zela hizketan, haren espetxe politika nola aldatu ez baina nola ez den aldatuko azaldu zenuenean. «Manifestazioekin soilik» ez, alegia. Zazpi euskal presori erregimena aldatu izana ez dela espetxe politika aldatzea diozu, eta nik ez nion Bake Bideari kontrakorik entzuna. Eskerrik asko informatzeagatik.

Ondoren entzun nizunaren arabera, ordea, Estatu espainoleko Barne ministroaren jarreratik askoz hurbilago zaude Orain Presoak mobilizaziotik baino, edo Ipar Euskal Herriko indar politiko eta sozial gehienetatik baino.

2014ko abenduan, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak adierazpen baten bidez ETAk armak zigilatzen jarraitzen zuela baieztatu zuen. Gasteizko Gobernuak, hurrengo egunera ere itxaron gabe, bere armagabetze plana aurkeztu zuen. Itxaropen faltsuak sortzea saihesteko, nonbait. Eta itxaropen faltsuak sortzen omen dituzten haiei esker, 16 hilabete geroago armagabetzea gauzatu zen.

Manifestazioren bat baino zertxobait gehiago egin dutela onartuko duzu, Jonan. Egia da egindakoa –nork?– ez dela nahikoa izan. Konturatuta geunden. Baina batzuk egoskorrak dira eta urtarrilaren 13an Bilbora joateko kapaz dira. Zu ez? Itxaropen faltsurik ez sortzearren, akaso?

Eskerrik asko, Jonan, zure ekarpenagatik. Benetan uste al duzu beharrezkoa zela?