Internet librea?
Barrabaskeria barrabaskeriaren atzetik. Agian ez guk nahi genukeen norabidean, baina lanik egiten ez duela ezin zaio aurpegiratu behintzat Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari, astero hedabideetako hainbat orrialde betetzeko adina meritu egiten du eta. Aste honetan Internet hartu du jomugan, eta Obamak herritarrak «sarean berdintasunez» ibil zitezen hartutako neurriak baliogabetu ditu. Protestak izan omen dira atarian, baina horrek presidente dirudunari atzera baino aurrera eginarazten diola uste dut.
Kontua da sareak gainez egin duela erabakiari buruzko albiste eta protesta kexuekin. Internet erabat aldatuko duela, aberatsak eta pobreak bereiziko dituela, Internetek bere izaera komunitarioa galduko duela... Kontsumitzaileontzat ez da, hori ziur, ezer onik etorriko, besteak beste, hornitzaile handiak izan direlako Trump-i aldaketa hau egin dezan presio gehien egin dutenak. Haien esku egongo da, besteak beste, abiadura handiagoa eskaintzea eduki batzuei eta mantsoagoa berriz atsegin ez dituztenei edota gustuko ez dituzten edukietarako sarbidea eragoztea edo ez. Ikusteko dago, baina erabateko aldaketa ekarriko duela diote gai hauetan aditu direnek eta itsasoz bestaldean gaudenok ere sumatuko dugula.
Ezer onik ez. Baina albiste hauek guztiak eta kontsumitzaileen kexuak irakurtzen hasita... Inork uste du gaur egun darabilguna Internet askea, librea, doakoa eta kontsumitzaileei begirakoa dela? Hala beharko luke, baina ez dakit gaur egun ere Internet eta neutraltasuna esaldi bakar batean batzea ez ote den lan zail samarra.