J.L
Aizkora

Lehengusuen artean erabakiko da Kopako finalerako azkeneko txartela

Urrezko Aizkorako Kopako azkeneko finalerdia jokatuko da bihar Otxandioko pilotalekuan, 12.00etan hasita. Bertan Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehiatuko dira, finala jokatzeko geratzen den azkeneko txartela lortzeko asmoarekin.

Bi lehengusuen arteko dema oso polita aurreikusten da. Biek lehen ere finalerdiak jokatu zituzten, baina biek galdu egin zituzten euren neurketak. Orain beste aukera bat izango dute euren arteko kanporaketa horrekin.

Iker Vicente izango da garaipena lortzeko faboritoa. Otsagabikoak finalean izateko aurreneko aukera galdu egin zuen Rekondoren aurka, eta azkeneko hau ez du alferrik galdu nahiko. Askorentzat oraindik bera da txapela lortzeko faboritoa.

Saralegik, berriz, aurreneko aukera hori Mieltxo Mindegiaren aurka galdu zuen eta oraingoan ere badaki zaila izango dela bere lehengusua gainditzea, baina ezustea emateko prest dago Errazkingoa.

Bihar Otxandiora joaten direnek aizkolariez gain, harri-jasotzeko Gabonetako Kopako azkeneko finalerdia ere ikusiko dute, eta bertan Inhar Urruzuno eta Iñigo Eizagirre lehiatuko dira. Azken honek garaipena lortuko balu, finalean hiru zarauztar izango lirateke, Lopetegi eta Izeta IV.a sailkatuta baitaude. Dena dela, neurketa honetako faboritoa Urruzuno izango da. Azken honek lesio luze bat gainditu berri du, eta honelako lehiaketak baliatu nahi ditu apurka-apurka bere onenera heltzeko.

Gazteak

Asteasun, gaur, harri-jasotzaileekin batera, Euskal Herriko Gazte Mailako aizkolarien finala ere jokatuko da, baina final tristea izango da, bi besterik ez baitira arituko. Xuban Kañamares eta Hodei Ezpeleta izango dira aurrez aurre arituko direnak. Bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Final honetan ez da faborito garbirik izango. Urduritasunak zeresan handia izan lezake.