«Parisetik gauzak hasiak dira etortzen, eta etorriko dira, Madriletik ez bezala»
2016ko abenduaren 16an Luhuson beste lau «bake artisaurekin» batera atxilotu zuten, ETAren armak desaktibatzen saiatzeagatik. Geroztik, Baionan apirilaren 8an egin zen armagabetzean, aurreko larunbatean Parisen presoen alde egin zen manifestazioan eta bake prozesuaren alde Gobernu frantsesarekin egiten ari diren negoziaketetan parte hartu du.
Pariseko manifestazioaren eta Luhusoko operazioaren lehen urteurrenaren artean, larunbatetik larunbatera, bake prozesuari loturik egun garrantzitsuak bizi izan ditu Mixel Berhokoirigoinek. Bi data horien artean gertatutakoaren bilana egin digu bakegileak, baita azken egunetan izandako berrien inguruko gogoeta ere.
Urtebete da gaur Luhusoko operazioa izan zenetik. Zein balorazio egiten duzu azken hilabeteetan gertatutakoaz?
Luhusok aldatu ditu gauza anitz, eta oraindik bada asko egiteko. Lehenik, Luhusoko operazioaren ondorioz mobilizatu den jende meta, askotarikoa; gero, iragan diren denborek erakutsi dute ez zela bakarrik emozio adierazpen bat, jendarteak bere barnetik eman duen erantzun bat zela. Lehenagotik bagenekien Iparraldeko jendarteak bazekiela aniztasunari ematen gai batzuk defenditzeko, eta Luhusok hori ezarri du plaza erdian, errealitate hori inposatu da, eta iraunkorra izan da.
Bestalde, Luhusotik izan den elementu inportantea eta oinarrizkoa da ETA erakundearen armagabetzea, herria lekuko izan dena. Eta gero, batez ere Justizia Ministerioarekin badela elkarrizketa eta negoziazio espazio bat irekia ofizialki, ministerioak eta Estatuak onartzen eta asumitzen dutena publikoki. Badakigu baduela Eliseoaren eta Matignonen baimena, eta publikoa denez Madrilen ere jakina da, eta asumitua da. Gero behar ditu emaitzak; fruitu batzuk bildu ditugu eta jin dira amankomunera, baina hor badakigu kontutik garela. Nire ustez, harremanak eta giroa, sentitzen den esperantza, dinamika eta perspektibak oso ezberdinak dira Luhusotik aitzina eta landa, baldintza hobeagoetan gara.
Urtebete igarota nola oroitzen dituzu egun horietako bizipenak?
Gogoan ditut orain balira bezala. Badakit Luhusoko gertakariak, Luhuso aitzineko momentuak, nola bizi izan genituen, zer zen izpiritua, zer ziren esperantzak, eta beharbada erran nezake dudak, baina duda zen estatuen erreakzioaren ingurukoa; gertatu dena gertatu da, baina izaten ahal zen beste zerbait. Beharrezkoa zenaren duda izpirik gabe, hori integratua zen, horretan ez zen problemarik, eta uste dut besteentzat ere berdin zela.
Arrastatuak izan garelarik, ez naiz aldi bat ere ikaratu, menperatu dut neure burua, ez naiz galdu, hori aitzinetik integratua zen, zalantza bakarra zen ea lortuko genuen mugiaraztea parean dugun mendi handi hori, estatu munstro handi hori. Gogoan ditut denak, minutu guztiak, Luhusoko etxean pasatu ditugun minutu guztiak, eta ondoko egunak, Baionan, Parisen. Hori bizi da oraindik, arraberritzen da, zeren eta Luhusoren itzalean, edo ondotik, etorri da 2017ko ildo guztia, 2017ko aktualitateak Luhuso biziarazten du. Barnealdekoa izanik, Baionara joaten naizen aldiro Luhusotik pasatzen naiz.
Kartzelan zineten bitartean, operazioa salatzeko izan ziren mobilizazioek hurrengo urteko bidea zirriborratu zuten.
Bai, bagenekien zerbait inportantea gertatzen ari zela, egunero bagenuen aukera gure abokatuekin mintzatzeko, eta Baionako manifestazioaren berri bagenuen. Baina gero deskubritu dugu mobilizazio eta atxikimendu horren garrantzia: bat-batekoa, handia, inpresionantea. Luhusok dena aldatu du izan delako mugimendu soziala, Bake Bidea, Foro Sozialak… bazen lan handi bat egina eta, beraz, terrenoa prest zen. Erraten ahal da estatuek ere beren lana egina zutela beren immobilismoarekin, estatuen jokamoldeak ere prestatu du zerbait egin behar zen ideia.
Orain ez da hutsik egin behar gure bidean. Nire ustez, Pariseko manifestazioa horretan izan da perfektua, baita aitzinean izan den presondegien itzulia. Guk ukan ditugun erreakzio guztiak baikorrak dira; nire ustez, prozesua lagundu du.
Erran duzu oihartzunak onak izan direla Estatu frantsesean eta Ipar Euskal Herrian. Aldiz, Jonan Fernandez Lakuako Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusiak egindako adierazpenek Pariseko manifestazioaren garrantzia zalantzan jartzen zuten.
Badakigu gauza konplikatua dela, baina guk ditugun elementuen arabera, ez da egia erraten duelarik Paris ez dela mugituko Madril ez bada mugitzen. Jada gaur mugitzen da Madril mugitzen ez den bezala, mintzatzen da Madril mintzatzen ez den bezala, eta gauza konkretuak hasiak dira etortzen eta etorriko dira, Madrilen ez bezala.
Ez dut polemika batean sartu nahi, baina egia bakarra da errealitatea, eta errealitateak digu erakutsiko batzuei edo besteei non dagoen egia, non dagoen gertatzen dena. Gertatzen dena ez da nahi genukeena, ez da uste duguna, dagoena da. Dagoena hasten da nahi dugunetik, eta behar dugu egin zentzu horretan. Nik uste dut puntu horretan Pariseko manifestaziotik, eta Luhusotik hasita, Paris ari dela bere bidea markatzen eta asumitzen, eta behar dugu ahal bezain urrun joan. Ez da abiadura handian, ados naiz, baina zentzuak du kontatzen. Beraz, nahi nuke guztiek horrela ikus dezaten, eta batez ere, errealitateak denei irakats diezaien horrela behar direla ikusi gauzak.
Ez dut pretentsiorik, nire ustez Hegoaldean badira indarrak, historia bat, perspektibak. Gu Iparraldean dauzkagun kartekin jokatzen saiatzen ari gara; aukera batzuk ditugu, nire ustez altxor bat da hautetsi, jendarte eta instituzioen arteko konplizitate hori izatea; lantzen dugu batzuek besteekiko errespetuz, guk ditugun kartetarik.
Gero bazen errealitate bat, armategiak gure Iparralde edo frantziar eremuan zirela, genituen elementuetarik egin dugu. Baina Hegoaldean badira beste elementu batzuk, eta bakoitzak behar du bere kartekin egin zentzu berean. Nire ustez, Hegoaldeko jendeak egingo ditu bere ariketa eta iniziatibak. Ikusi dugu Luhusokoaren biharamunean eta armagabetzearen bezperan nola kasik aho batez alderdi guztiek bat egin duten mezu komun batean, PPk izan ezik. Bada potentziala, eta nik ez dut deus errateko besterik, bakarrik sinisten dut badituztela aukerak, egia badirela pertsonak, badela jendarte bat, eta ez dugula Iparraldetik guk eginen dena. Eginen dugu ahal duguna, eta guk egiten duguna lagungarri izanen da Hegoaldearentzat, eta nonbait Madril mugiarazteko ere bai; Hegoaldetik etorriko dena lagungarri izanen da prozesu orokorrarentzat.
Aste honetan Parisen izan den epaiketan ETAko kideek adierazpena egin dute, sortutako minaren aitortza eginez. Horrek oihartzun handia izan du Ipar Euskal Herriko hautetsien aldetik. Zer garrantzi aitortzen diozu?
Biziki inportantea da, beharrezkoa. Horrek guztiak eraikitzen du egin behar dugun prozesua, eta horrek aldatzen du. Bakoitzak hartzen duen erabakiak, adierazpen bat edo urrats bat egiten duelarik, panorama aldatzen du. Ikusi ez dena ikusi dugu, eta horrek estatuen jokamoldea aldatu behar du. Hori eskatzen zutenen jokamoldea edo hitzak aldatu behar ditu. Ez gara egoten ahal beti (eta hor gehiago ari naiz Madrili eta Espainiako prentsari buruz) gauza bat eskatuz, eta badelarik beste bat eskatuz, eta beti aitzakia berri bat plazara ekarriz urratsik ez egiteko. Sinistu behar da bakeak behar duela bide bat, eta bide horretan sartu behar dela, hobeki izanen garelarik bihar bake bide horretan, ezinez eta atzoko egoeran baino.
Berri ona da; horrela baloratua da Iparraldean eta Frantziako prentsan ere, eta espero dut Hegoaldean ere baloratua dela zentzu berean alde guztietarik, zentzu horretan doazen urrats guztiak berri onak baitira. Behar da errespetu handiz berri hori hartu, kontziente izanez ere horrek eskatu duena, eta horrek suposatzen duen urratsa eta indarra. Behar da kontziente izan norberaren urratsak batzuetan besteari ez zaizkiola kostatzen, baina norberari kostatzen zaizkiola. Norberak egiten baditu kostatzen zaizkion urratsak zentzu berera, besteak ere eginen ditu.
Orokorrean, izan estatua, jendartea edo beste gauza guztietan, ez dira batek egiten dituen urratsak mespretxatu, ttipitu behar, edo erran urrats hori egin dutela horrelako asmoarekin edo arrazoiarekin. Hori askotan gertatzen da eta hori gainditu egin behar da. Balio duena egiten dena da, eta bakoitzak badu eskubidea egiteko, denok egiten ahal ditugu gauza batzuk, asmoa berbera ez baldin bada ere. Parisen abenduaren 9an banderolaren lehen lerroan ginen guztiok ez ditugu hain segur intentzio edo epe luzerako ikuspegi berak, baina ez du inporta, inporta duena denak urrats hori elkarrekin egitea da. Eta beharbada bidearen zati bat eginik elkarrekin, beste zati bat ere egiten ahalko da elkarrekin.
Urte bukaerarako urrats berriak izan beharko liratekeela adierazi duzu.
Oraindik ez dut deus erraten ahal; erabaki konkretuak momentuz ez dira hartuak. Beraz, izan baino lehen ez dugu komunikatuko. Orain ikusi behar da izango den, eta izango bada zer izango den, eta horri zer esplikazio eta zer dimentsio emanen diogun. Hor ere delegazio bat gara, eta horri buruz erranen ditugun gauzak behar ditugu elkarrekin adostu, aztertu eta neurtu, hitzartu ze perspektiba ematen duen. Egunak kario dira urte bukaera hurbiltzen ari da; hala ere, atxikitzen dugu nahikeria hori, ea urte bukaerarako zerbait ateratzen den. Baina istorioa ez da urtearekin bukatzen, segidan urte berri bat hasten da. Orain gure zazpi DPSak ez dira aski, eta behar da gasolina eman gure motorrari, bestenaz geldituko da bidean. Agian urte bukaerarako zerbait gehiago gehitzen ahal diogu.