Jon LEUNDA
Aizkora

Alatzne Etxaburuak irabazi du nesken Urrezko Kopa

Gipuzkoarrak lehia handia izan zuen bigarren sailkatu zen Izkuerekin. Astondoa izan zen hirugarren.

Alatzne Etxaburuak irabazi zuen atzo eguerdian Donostiako Trinitateko plazan jokatu zen Urrezko Aizkorako nesken finala. Euskal Herriko Txapelketarik ez daukatenez, lehiaketa hau izango da eurentzako urteko erreferentzia nagusia.

Etxaburuaren eta Izkueren arteko dema izan zitekeela pentsatzen zen, eta horrelaxe izan zen, eta final dotorea eskaini zuten. Ez aurreneko biek bakarrik, hortik atzerako postuetarako ere ikaragarrizko lehia izan baitzen, eta Trinitateko plaza bete zuten zaleek gozatu ederra hartu zuten. Aurtengo gizonezkoen lau mailetako Euskal Herriko finalak bikainak izan dira, eta baita emakumezkoena ere. Urte biribila izan da, eta zaleek ederki gozatu dute bost finalekin. Atzokoan, aizkolari bakoitzak bost oinbeteko, 36 ontzako, erdibitu behar izan zituen.

Neurketa azkeneko enborrera arte ez zen erabaki. Bosgarrenera Etxaburua eta Izkue ia batera sartu ziren, baina azken txanpa horretan gipuzkoarra hobea izan zen, eta beretzat izan zen txapela.

Baina hurrengo hiru postuetarako ere borroka handia izan zen, minutu erdi baten barruan sartu baitziren hirurak. Izan ere, lehia bitan banatu zen; alde batetik txapelaren borrokan aritu ziren biak, eta beste hirurak hirugarren postu horren bila. Azkenean, Irati Astondoak lortu zuen hirugarren postu hori, podiuma osatuz.

8 minutu eta 57 segundo behar izan zituen Alatzne Etxaburuak lan guztiak burutzeko. Atzetik, Irune Izkue (9.15), Irati Astondoa (10.41), Maika Ariztegi (11.05) eta Nerea Sorondo (11.25), sailkatu ziren.

Atzokoan oso garbi ikusi zen emakumezkoen aizkolaritza gorako bidean doala. Aritu ziren bostek maila oso ona eman zuten, baina hauez gain, badira gehiago ere uda partean erakustaldietan aritzen direnak, eta orain hauek txapelketetara erakartzea izango da hurrengo erronka. Gainera, badirudi Urrezko Aizkoran ere neskek izango dutela euren protagonismoa, eta hori ere oso berri ona izango da bai eurentzako, eta bai aizkolaritzarako.