Andoni ARABAOLAZA
Elkarrizketa
MATTIN ZEBERIO
ZINEMA ZUZENDARIA

«Nire pelikula ‘Mendi’-n ikustea egundoko pribilegioa izan da»

Ohi bezala, Bilbao Mendi Film Festival-en nazioarteko zein gure ingurumari honetako sona handiko makina bat zuzendarik beren pelikulak aurkeztu dituzte aurten ere. Mattin Zeberio tolosarra ez da «talde» horretakoa, baina, 18 urte baino ez baditu ere, argi utzi du etorkizun oparoa duela.

Euskal mendi zinemagintzari dagokionez, amaitu berri den Bilbao Mendi Film Festival-en hamargarren ekitaldiko berri pozgarrienetako bat Mattin Zeberio izan da. Ahoa bete hortz utzi gaituen kilate ugariko bitxi bat. “Zortzi Yukon” filmaren zuzendaria da eta, 18 urte besterik ez baditu ere, bere ibilbideko lehen sari potoloa eraman du etxera. Bai, tolosarrak zuzendutako zintak Euskarazko Film Onenaren saria jaso du: «Tokiko historian barrena eginiko bidaia baten bilduma freskoa da ‘Zortzi Yukon’; eta, aldi berean, lagunarteko bilkura polita, esperientziak partekatzekoa. Gainera, filmak propio bertarako konposatutako soinu banda du».

Horrela zioen epaimahaiak, eta, hein handi batean, iritzi horrekin ikusle andana bat bertaratu zen. Azken horiek 45 minutuko pelikularekin gozatua hartu zuten, historia handia duen gidoi erakargarria baitu. Izan ere, “Zortzi Yukon”-en, Alaska eta Kanada arteko lurraldean, urre bila joan zirenek duela ehun urte bertara eginiko bideari jarraitzen dio 16 eta 64 urte bitarteko zortzikote batek, oinez eta kanoaz. Zortzi lagun, zortzi bidaiari, zortzi esperientzia…

Josu Iztueta bidaiari ezaguna filmaren alma materra izan bada ere, Zeberiok aski ongi ulertu eta bideratu ditu kideak azaldutako nondik norako guztiak. Eta ez du batere erraza izan, besteak beste, gazte tolosarra bere lehen film dokumental luzearen aurrean aurkitu baita. Alabaina, emaitzak nota bikaina atera du. Gainera, dokumentala filmatzeaz eta zuzentzeaz gain, Zeberiok, pieza batzuk sortuz, musika jarri dio.

Jakina, Zeberio pozarren dago jasotako sariarekin, bai eta “Zortzi Yukon” filmak aukera izan duelako mendiko zinemaldi baten sail ofizialean lehiatzeko ere. Aipatu dugun sari hori jaso bezain laster, “Mendi”-ren historiako zuzendari gazteenarekin hitzordua egin dugu.

Zorionak Mattin, Euskarazko Film Onenaren saria jaso duzulako. Eta, jakina, zorionak ere zure lehen film dokumental luzeak, "Zortzi Yukon"-ek, euskal mendi zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeko aukera izan duelako.

Bada, mila esker. Bai, bat nator zure azalpen horrekin. Oso gaztetatik Mendi Film Festival niretzat erreferente bat izan da. Mendi Tour Tolosara etortzen zen bakoitzean han nintzen pantailaratzen zituzten pelikula guztiak ikusten. Askotan bakarrik joaten nintzen. Beraz, nik zuzendutako film bat Sail Ofizialean ikustea egundoko pribilegioa izan da. Mendi zinemaldi horretan “Zortzi Yukon” izen handiko ekoizpenekin lehiatzen ikustea zirraragarria izan da. Eta, gainera, sari bat irabazi du! Kristoren ilusioa egin dit.

18 urte besterik ez dituzu, zure lehen film luzea izan da, "Mendi"-ren historian zuzendari gazteena zara, sari bat jaso duzu… Bilbon ikusi eta entzundakoaren arabera, ikusleak zein epaimahaia txundituta utzi dituzu. Zer diozu honi guztiari buruz?

Uf, ez dakit zer gehitu. Soilik esan dezaket alde guztietatik begiratuta “Zortzi Yukon” egundoko bidaia eta esperientzia ederra izan dela. Hasieran, nik ez nekien zer zen izaera horretako dokumental bat prestatzea. Abentura batean sartzea zer zen ere ez nekien. 16 urte nituela, Josu Iztuetak bere asmoak aipatu zizkidan; 17rekin bidaia egin eta filmatu egin nuen; eta 18rekin irudi guztiak muntatu eta “Mendi”-n aurkeztu dut.

Ikasteko bidaia izan da. Hastapenetan, produktu hau sortzeak gainditu egiten ninduen, baina emeki-emeki forma eman eta amaitzea lortu nuen. Behin filma biribildu ondoren, neure buruan hainbat galdera gora eta behera ibili dira. Polita, aspergarria… zer izango ote da? Zalantza horiek beti buruan izan ditut. Baina, azkenean, emaitza bikaina izan du, eta saria horren erakusle da.

Epaimahaiaren hitzetan, "bidaia baten bilduma freskoa” da. Lehen dokumental luzea izateko, ezin dugu ukatu produktu arina atera zaizula.

Planteamendu aldetik, hasieratik onartu behar izan nuen dokumental hori gazte batek egindakoa zela. Asmo handirik gabekoa zela argi eta garbi zegoen. Gainera, kontuan hartzekoa da "Mendi" festibalean maila handiko ekoizpenak lehiatzen direla.

Geure bidaia ez da ikusgarria izan; ez da bidaia potente horietakoa bat izan. Gazteenak 16 urte zituen, eta nik 17rekin irudiak hartzen jardun nuen. Beraz, hori guztia kontuan hartuta nire asmoa film fresko bat egitea zen. Gainera, Sail Ofizialean zeuden film profesional batzuekin alderatuta, “Zortzi Yukon”-ek amateur izaera zuen; handicap hori hor zegoen. Beraz, hein handi batean, epaimahaiak azpimarratu duenarekin bat nator.

Arestian aipatu dudan bezala, zortzi protagonista zarete. Eta dokumentalean ikusi denez, zortzi esperientzia ezberdin izan dira. Zure lehendabiziko bidaia luzea izanda, nola bizi izan duzu zeurea?

Bost tolosar gara, eta besteek gure herriarekin lotura zuzena dute. Zehatzagoa izanda, Josuk bidaia horretan bildu gintuen. Josuk dioen bezala, hastapen bidaia bat izan da, haren eskutik eginikoa. Ez da lau eguneko bidaia bat izan, baizik eta hilabete batekoa.

Niretzat esperientzia freskoa eta berria izan da. Ez da jarduera oso zorrotza edo potentea izan. Bestalde, bazuen meditazio kutsu bat ere; izan ere, bi ordu kanoan gauza bera egiten igarotzen genituen. Bi ordu isil-isilik.

Josu Iztuetari buruz galdetu behar nizun, baina ia dena esan duzu (kar-kar).

Josuri asko zor diot. Mundu horretako (bidaietako, alegia), irakaslea izan da. Bere asmoen berri eman zidan, bidaian ondoan izan dut; baina, agian, garrantzitsuena izan da dokumentala prestatzen ari nintzenean kide izan dudala. Beste era batera esanda, “Zortzi Yukon”-ek izan dituen etapa guztietan ondoan izan dut. Dokumentalean aitaren rola izan du.

Zuek urre bilatzaileen bidaia egin duzue, baina ehun urte geroago. Jakina, oso baldintza eta garai ezberdinetan egin duzue. Zeure burua historia horretan kokatzea zaila izan da?

Kontaketa hori beti oso presente izan dut. Historia hor zegoen, eta horretan buru-belarri sartzea oso aberasgarri zein zirraragarria izan da. Baina atentzio handiena eman didana izan da naturagune horretan apenas ikusi dugula gizakiaren arrastorik. Mendian, bai, baina ibaian ezer gutxi. Oso-oso basatia da, eta arrasto gehiago ikustea espero nuen. Azkenean, lau metal puska soilik ikusi ditugu.

 

Zuk orain arte, asko jota, zazpi minutuko dokumental edo ikus-entzunezkoak egin dituzu. "Zortzi Yukon”-ek 45 minutu ditu. Jauzi handi horrek beldurtu zintuen?

Filmaketak ez hainbeste, baina asmoa potoloagoa zen eta urre bilatzaileen historia hori irakurri eta barneratu behar izan dut. Filma joan den uztailean bukatu ahal izateko neure burua asko estutu behar izan dut. Eta, azkenean, ikusi dut gai naizela dokumental luze bat egiteko. Erronka oso handia izan da, eta, bai, kristoren saltoa.