Ruben PASCUAL
Kazetaria
IKUSMIRA

Hurren arte, Urren

Bizitzak kolpeka erakusten digu maiz zein iragankorra den, zein hauskorra. Lurrera erori eta milaka zatitxotan txikitzen den kopa nola, gu ere hala pasa gaitezke segundo bakarrean guzti-guztia esku artean izatetik dena galtzera. Iluntasunera. Ezerezera. Horrela, hain krudel eta hain gordin. Hain injustu.

Azken egunotan, neurri batean edo bestean, halako sentsazio mingots batek Zornotzako herritar guztiok hartu gaituelakoan nago, larunbat goizean jakin genuenean Bilboko erdigunean kolpeka hil zutena Ibon Urrengoetxea zela, Urren, gure herriko bizilaguna. Amorebietan eta inguruko herrietako futbol taldeetan jokatu zuen bera, edozein egunetan kalean gurutzatzen genuen bera. Zertarako, eta lapurreta egiteko. Berdin dit karteran 5, 50 edo 500 euro zeramatzan. Urteetan zehar eraikitako bizi-proiektua da ebatsi diotena. Eta dena diru-zorro madarikatu bategatik. Joder, baina ohartzen al gara honek esan nahi duen? Zein mundutan bizi gara?

Egindakoak ez du atzera bueltarik, jada ez dago aldatzerik. Eragindako mina zama astuna izango da luzaroan senide eta lagunentzat, zalantzarik gabe. Baina Urren estimatzen zuen herriak plaza berotasunez, saminez, elkartasunez, maitasunez, baita gertatutakoagatik amorruz ere mukuru bete izanak alargun eta umezurtz utzi dituzten Edurne eta Alain txikiaren zein Ibonen gertuko pertsona guztien atsekabea zertxobait eztitzen lagundu bazuen, gaitz erdi. Zornotzar guztion babesa izan bedi, behintzat, beraien oinazearen aringarri. Eta bihoakie, bada, lerro hauetatik besarkada estu bat. Zauden lekuan zaudela, eupada bat zuri ere, Urren.