A. G.
RETABET BILBAO BASKET

Miribillan Unicajari irabaztea ezinezkotik gertuago dago posible izatetik baino

Eurocupetik at, ACB Ligari bakarrik begiratzen dio azkenean RETAbet Bilbao Basketek. Esan gabe doa talde bilbotarrak garaipenak behar dituela, etxeko neurketetan batik bat, baina egia da, halaber, Unicajari gaur arratsaldean, 19.30ean, irabazteko aukerak ezinezkotik gehiago duela posibletik baino.

Unicajari noiznahi irabazi dakioke; esaterako, Delteco GBCk Illunben irabazi egin zion. Baina orduko Unicajak gaurkoa baino maila eskasagoa eskaintzen zuen, eta gaurko Bilbao Basketek, gainera, nahi baino lesionatu gehiago ditu. Fischerrek ziurrenik ezingo du jokatu orkatilako minaren erruz; Hervelle –giharretako arazoak– eta Todorovic –gripeak jota– ere zalantzan daude azken unera arte. Bestetik, Lucio Redivo azken partida bietan ezin izan da aritu, baina baliteke gaur jokatzea.

Malagakoen aurkako partidaren ostean, Joventut eta Obradoiro hartuko dituzte beltzezko gizonek Miribillan; guztiak ia segidan. «Europako lehiaketarik ez, eta bidaia luzeegirik ere ez daukagunez, etxean jokatu beharreko partida horietara ahalik eta sasoirik onenean iritsi behar dugu. Talde asko gabiltza helburu berberengatik borrokan eta garaipenak behar ditugu», azpimarratu zuen Veljko Mrsic entrenatzaileak, horren harira.