Xole Aramendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Pobreak urruti

Hitzak. Letrak banan-banan doaz hasieran eta gero elkarri eskua ematen diote, edo bizkarra hurbiltzen diote batak besteari, ilaran, hitzak sortu arte.

Errealitatearen isla zirela bagenekien, baina orain begien aurrean duguna erakutsi bakarrik ez, eraiki ere egiten dugula ikasi dugu. Hitzen bidez.

«Kontuz zer pentsatzen duzun, gerta liteke eta!». Zenbat aldiz entzun ote dugu. «Kontuz zer esaten duzun, benetan pentsatzen duzuna adierazten baituzu!», esaten digute orain.

Egin proba. Burmuinaren filtrorik pasatu gabe, zuzenean tripetatik mingain puntara doan hitza entzutearekin batera konturatuko zara horixe dela zure barren-barrenean sentitzen duzuna. Eta hori ahoskatzearekin batera “zure” errealitatea sortzen ari zara, zuk duzun pertzepzioa adieraziz, nahiz ez beti benetakoa izan.

2017ak hitz berri bat utzi digu. Urteko terminotzat aukeratu dute, nahiz berez 1995. urtean sortua izan. Adela Cortina filosofoak ordura arte izendatu gabe zegoenari letrak jarri zizkion: aporofobia. Pobreekiko destaina, erdeinua, gutxiespena...

Orain arte “desberdina” denak gugan eragiten duen beldurraz aritu izan gara, baina “Aporofobia, el rechazo al pobre. Un desafío para la democracia” (Paidós) liburuan fobia askoren atzean behartsuenekiko mespretxua besterik ez dagoela dio Cortinak. Gizakiak sortzetiko ezaugarria duena, espeziea babeste aldera.

«Etorkinengandik eta errefuxiatuengandik molestatzen diguna ez da atzerritarrak izatea, txiroak izatea baizik», dio, garbi. Benetan beldurra ematen diguna ez ote da gure burua egoera berean aurkitzea.