Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Uber eta taxilariak

Uber smartphoneetarako aplikazio bat da, munduko herrialde askotako taxilarien haserrea piztu duena. Taxilarien zerbitzuaren antzekoa eskaintzen du, baina Uber-en kasuan gidaria partikular bat da. Erabiltzaileek aplikazioaren bitartez ordaintzen dute, dirua gainean eraman gabe. Eta, oro har, taxilarien zerbitzua baino merkeagoa da –ibilbidea beste bidaiari batzuekin partekatzeko aukera ere eskaintzen du–. Prezio baxuago hori da, batez ere, Uber erakargarri bilakatu duena. Eta hori da, era berean, taxilariek lehia desleialtzat ulertzen dutena. Orain arte, Uber ez baita taxilarien legeriaren arabera mugitu. Eta, hortaz, ez ditu azterketa, jarraipen eta muga berak izan. Ezta zerga berak ordaindu ere.

Duela pare bat aste, ordea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, Uber garraio enpresa bat dela ebatzi zuen, ez plataforma digital bat. Eta, hortaz, Europar Batasuneko herrialde bakoitzeko lurreko garraioen antolamenduari buruzko legearen arabera funtzionatu behar du Uber-ek ere, taxilariek bezalaxe.

Horri erantzunez, duela astebete, espainiar Estatuan dekretu bat onartu zen. Besteak beste, Estatu espainiarrerako erregistro bakar bat sortzeko asmoa biltzen du. Eta garraio enpresa guztiek bezeroekin egingo den ibilbide oro erregistratu beharko dute, ibilbidea egin aurretik. Hortaz, ezingo da bidaiaririk hartu, aurrez bidaia horren berri eman ez bada. Neurri honek taxilariak bakarrik poztu ditu.

Honek guztiak, ingurune digitala erregulatzeko dauden zailtasunak agerian uzten ditu. Baina nago, era berean, arazoa ez dela Uber: gure mugitzeko modua (ere) aldatzen ari dela baizik. Horregatik, uste dut taxien sektorea ere ingurune digitalera egokitu behar dela. Euren bezeroek orain arte Uber aukeratzeko arrazoia ez baita ekonomikoa soilik. Aukeraketa hori smartphonearekin lotuta ere badago: bezero horien bizitzeko moduarekin. Horregatik, taxilariek berrikuntzei heltzea ere komeni da.

Kontua ez baita legaltasunaren izenean ingurune digitalari edo berrikuntzari mugak jartzea, honek garapen sozioekonomikoari erantzungo diola bermatzea baizik.