Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Hitz potoloak

Lotsagabeki, gaurko zutabea kutsu filosofikoz blaitzeko arriskua hartu dut. Izan ere, asteburuko nire jardunari so eta, seguru asko, Artze herrikide zendu berriaren eraginpean, azken hiru egunotan esaldi potolo eta sakonak bueltaka izan ditut buruan.

Ostiral arratsaldean GuraSOS elkarteak sustatutako Hitzartu prozesuaren aurkezpenera joan nintzen. Aldundia galopa bizian eraikitzen ari den errauste-plantak, seguru asko, atzerabiderik ez duela konbentzituta, ez zen, egiaz, jende asko izan bertan. Eta bertaratu ginenok ere borroka askotan une batean edo bestean fenomeno aski arrunta denaz –etsipenaz, alegia– jabetzen ginen. Hitzartu errauste-plantaren aferatik harago doan prozesua da, erakundeek, beren eginbeharra izanik ere, egin ez duten hondakinen plan integral ahalik eta adostuena lantzea baitu helburu. Beste era batean esanda, demokrazia eta herritar arduratsuen ariketa, boteredun ahaltsuen (eta ez ahalguztidunen) aurrean. Ekitaldian, beren borroka babestu zuen Joxean Artzeren hitzak entzun genituen berriro: «…erne dirudunekin eta dirugabeen dirugosearekin».

Eta irteeran, komentario orokorra: zer jende gutxi, ezta? Eta, nire buruan danbada: «Borroka egiten baduzu gal dezakezu; borroka egiten ez baduzu jada galdu duzu…» (anonimoa).

Larunbatean, Bilbon bustialdi ederra jaso genuen. Euriagatik, jakina, baina baita beste elementu ideologiko edota humanista bategatik ere. Jada egun batzuk lehenago ‘Ur handitan’ saioan Gariren malkoek bihotza busti ziguten bezalaxe. Urteak daramatzagu presoen eta euren familien eskubideen urraketa salatzen. Alta, borroka horretan ere etsipenerako mila arrazoi dauden arren, hor ginen, urtean zehar beste hainbat ekimenetan bezala, bidezkoa dena erreklamatzen. Hara, beste esaldi bat buruan: «Galtzen den borroka bakarra bertan behera uzten dena da» (Che).

Atzo, Nuria Varela feministaren “Cansadas” liburuaren irakurketa bukatu nuen. Hor ere hamaika esaldi potolorako bidea; esaterako: «Konpromisoa hartzen duen herritar taldetxo batek mundua alda dezakeela zalantzarik ez izan. Egiaz, horrek soilik lor dezake» (Margaret Mead). Ba horixe: ez diezazkigutela hegoak ebaki.